Andoni Ortuzarrek EiTBko zuzendari nagusi kargua itxiko dau hilaren 11n
2008-01-09 11:48Ortuzarrek EiTBren egungo Zuzendaritzearen esku itxi ditu bere zereginak, taldearen funtzionamendua bermatzeko Legebiltzarrak gehiengo osoz zuzendari nagusi barria aukeratu arte.
Andoni Ortuzar EiTBko zuzendari nagusiak kargua itxiko dau hilaren 11n, bart erakunde publikoaren Administrazino Kontseiluari jakinarazo deutsonez. Era horretara, Ortuzarrek EiTBren egungo Zuzendaritzearen esku itxi ditu bere zereginak, taldearen funtzionamendua bermatzeko Legebiltzarrak gehiengo osoz zuzendari nagusi barria aukeratu arte.
Andoni Ortuzarrek datorren barikuan aurkeztuko deutso uko egitea Juan Jose Ibarretxe lehendakariari eta egun horretan bertan Bizkaiko EAJko Batzordeak Bizkai Buru Batzarreko presidente izentauko dau Iñigo Urkullu ordezkatuz.
Beste alde batetik, Ortuzarrek EiTBko Administrazino Kontseiluari jakinarazo deutso Iñigo Camino Radio Euskadiko zuzendariak kargua itxiko dauela, Caminok berak holan nahi izan dauelako. Estibaliz Ortiz Radio Euskadiko prime time-eko saioen arduradunak ordezkatuko dau urtarrilaren 10etik aurrera. Estibaliz Ortiz ibilbide luzeko kazetaria da, eta azken urteetan Radio Euskadiko hainbat saiotan parte hartu dau.
EiTBko Zuzendaritza Nagusiak eskertu gura izan deutso Iñigo Caminori azken zortzi urte eta erdian Radio Euskadiko zuzendari izanda egindakoa, eta lanean izan dauen dedikazino, ahalegin eta emoitza onak goratu ditu.
Era berean, EiTBk eskerrak emon gura izan deutsoz Estibaliz Ortiz lankideari, ardura barri hau hartzeagaitik.
Andoni Ortuzar Portugaleten jaio zan 1962an, kazetaria da eta EiTBren zuzendari izan da 1999tik. Hori baino lehen Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako arduraduna izan zan eta Lehendakaritzako prentsa saileko aholkulari.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!