Urte barriagaz bat, prezioak eta langabezia gora
2008-01-03 12:11Zenbait elikagai, elektrizidadea, gasa eta garraioak karuago dagoz kontsumitzaileontzako. Renfek % 4 karutu ditu tarifak, Eusko Trenek % 3’76 eta Metro Bilbaok % 3. Errepidean, 10 zentimo karutu da Bilbo eta Gasteiz arteko autopistea (4’15 eurotik 4’25era).
Igazko azken hilebeteetako joereari eutsiz, prezioek gora-goraka jarraitzen dabe. Kontsumorako Prezioen Indize Harmonizatua (KPIH) % 4,3ko tasan kokatu da abenduan, Espainiako Estadistika Institutuak jakinarazo dauenez. Urtarrila erdialdean jakinaraziko dan KPIagaz bat egingo baleu, 1995eko abendutik izandako tasarik altuena izango litzateke honakoa.
Bien bitartean, urte aldaketeagaz, zenbait elikagai, elektrizidadea, gasa eta garraioak karuago dagoz kontsumitzaileontzako. Renfek % 4 karutu ditu tarifak, Eusko Trenek % 3’76 eta Metro Bilbaok % 3. Errepidean, 10 zentimo karutu da Bilbo eta Gasteiz arteko autopistea (4’15 eurotik 4’25era).
Elektrizidadearen erreziboa % 3’3 karutu da erabiltzaile partikular eta industrialentzako; gas naturala, batez beste % 4’7 gehiago pagau behar da aurrerantzean eta butano bonbonea % 5’2 karuago.
Beste alde batetik, euriborrak, Espainiar Estaduan hipoteken tasak negozietako erabilten dan erreferentziako interes-tasa aldagarriak, % 4,792an amaitu dau 2007a, 2000. urtetik izandako mailarik altuenean, hain zuzen. Urrian eta zemendian beheranzko joerea izan eban arren, beste igoera bategaz amaitu dau urtea.
Era berean, Espainiar Estaduan langabeziak % 5’3 gora egin eban abenduan eta honezkero jarraian hirugarren hilebetea da langabeziak gora egiten dauena. INEM erakundeak emondako datuen arabera, jondako hilean 35.000 lagun geratu ziran lanik barik eta gaur egun, 2.129.547 lagun dira lanik barik dagozanak. EAEn, barriz, % 2'13 egin dau behera langabeziak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!