‘Getxotik Mundura-Mundutik Getxora’ aste solidarioak 10 urte beteko ditu
2007-12-11 18:00Abenduaren 10etik 16ra bitartean hainbat ekitaldi izango dira udalerriko gune desbardinetan, ‘geurea bezelakoa ez dan errealidadea eta oso baldintza gogorretan bizi daben beste persona eta herrialdeen ganeko hausnarketea egiteko eta konpromisoa hartzeko helburuagaz’.
Getxoko Udaleko Garapenaren aldeko Lankidetzako Arloak, udalerrian ordezkaritzea daben Gobernuz Kanpoko Erakundeakaz alkarlanean, antolatzen dauen ‘Getxotik Mundura-Mundutik Getxora’ ekimen solidarioak 10 urte beteko ditu aurten. Hori dala eta abenduaren 10etik 16ra bitartean hainbat ekitaldi izango dira udalerriko gune desbardinetan, ‘geurea bezelakoa ez dan errealidadea eta oso baldintza gogorretan bizi daben beste persona eta herrialdeen ganeko hausnarketea egiteko eta konpromisoa hartzeko helburuagaz’ gaur aurkezpenean Imanol Landak, Getxoko Alkateak adierazo dauenez. ‘Ekimena ondo sustraituta dago udalerrian, herritarren harrereagaitik eta Udalak berak garapenaren aldeko lankidetzako politiketan emondako salto kualitatiboagaitik be, horretara zuzendutako diru kopuruaren eta langileen hazkundeak erakusten dabenez (1992an 6.010 € emon zituan eta aurten 520.603 €)’ gehitu dau Alkateak.
Egitaraua aste honetan bertan hasi da, Erromoko Kultur Aretoan, datorren abenduaren 16ra arte, goizez eta arratsaldez, ikusi ahal izango dan Izan alkartearen ‘Bizitza historikoak’ titulupeko erakusketeagaz. Bihar, eguaztena, hilak 12, arratsaldeko 19:30etan Al Goreren ‘Una verdad incómoda’, berotze globalari lotutako klima aldaketeari buruzko dokumentala ikusi ahal izango da Getxo Antzokian.
Eguenean, abenduak 13, Areetako Geltokiko plazako karpea zabalduko da eta han domekara arte zenbait ekitaldi izango dira. Eguenean, beraz, 18:00etatik 21:00etara genero eta garapenari buruzko ziklo dokumentala, hormairudi bat eta igaz Getxoko Udalaren dirulaguntzinoa jaso eben GKE-ek egiten dabenari buruzko erakusketea ikusi ahal izango dira, azken hori soinu-gideagaz.
Zapatuan, hilaren 15ean, karpapean Sahara Eguna ospatuko da ATFAL alkartearen laguntzino bereziagaz. Tea edateaz batera, tailerrak, umeentzako antzerkia, magia, jolas solidarioak eta proiekzinoak izango dira. Azkenik, domekan, abenduaren 16an, Gobernuz Kanpoko Erakundeen ohiko Azokea izango da eta horretan hainbat alkartek munduko leku desbardin batzuetan aurrera eroaten dabilzan lana ezagutzera emongo dabe.
Garapenaren aldeko lankidetza arloan egindako lanaren autorpena
Gainera ekimenaren hamargarren urteurrenean 15 alkarteri eta laguni lankidetza arloan egindako lana autortzeko ekitaldia egin dabe Getxoko Udal batza aretoan. Hain zuzen be, honako honeei emon deutsie Aixerrota errotaren irudia: Ayuda Más, Biladi, ECCA Romo, ATFAL, Izan Elkartea, Lagun Artean, Mary Ward, Medicus Mundi Bizkaia, Mugarik Gabe, Perualde, San Martín de Tours, Trinitarioak, Zabalketa eta Alfonso Saizen eta Humberto Cirardaren senideei. Azken bi horreentzat hil osteko omenaldia izan nahi dau ekitaldiak, ‘Humberto Cirarda 1991etik 1999ra Alkatea izan zan bitartean, besteak beste, udalerrian lankidetzako politiketarako oinarriak ezarri zitualako eta ‘Getxotik Mundura’ martxan jarri ebalako eta Alfonso Saiz erlijiosoak bizitza osoa Afrikako Kinshasako misinoan lan egiten emon ebalako’ azaldu dau Imanol Landak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!