Nazareteko ikasleek irabazi dabe 'Teknoskopioa 2007' ideia-lehiaketea

Bizkaie! 2007-11-12 11:56

Danetara, 33 lan aurkeztu dira sariketara, eta, azkenik, epaimahaiak 'Tecnologías aplicadas al deporte' blog-ari emon deutso saria: mp4 irakurgailu bana taldeko kide guztiei, Eroski Fundazinoaren laguntzinoari esker.

Donostiako Nazaret ikastetxeko neska-mutikoek irabazi dabe Elhuyar Fundazinoak, Innobasquek eta Zientziaren kutxaGuneak alkarlanean antolatutako 'Teknoskopioa 2007' gazteentzako ideia-lehiaketea. Danetara, 33 lan aurkeztu dira sariketara, eta, azkenik, epaimahaiak ‘Tecnologías aplicadas al deporte’ blog-ari emon deutso saria: mp4 irakurgailu bana taldeko kide guztiei, Eroski Fundazinoaren laguntzinoari esker.

Lehiaketea irabazi dauen lana eta aurkeztutako ganerakoak www.zientzia.net/teknoskopioa web gunean dagoz ikusgai. Zientziaren eta Teknologiaren Astearen barruan ekimen hau antolatzen daben laugarren aldia da, eta, urtero legez, aste horretako gaia hartu dabe oinarritzat aurten be lehiaketarako: Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKTak), hain zuzen.

'Teknoskopioa 2007' lehiaketara aurkeztutako 33 lanetatik, Donostiako Nazaret ikastetxeko batxilergoko 2. mailako ikasleak subertau dira irabazle: Jon García, Víctor Barrero, Iván Sánchez eta Rebeca Burgera, ‘Tecnologías aplicadas al deporte’ blogarengaitik. Elhuyar Fundazinoak, Innobasquek eta Zientziaren Kutxaguneak alkarlanean batxilergoko eta lanbide-heziketako ikasleentzat Zientziaren eta Teknologiaren astearen barruan antolatzen daben ideia-lehiaketea da Teknoskopioa.

Zientziaren Asteko gai nagusia izaten dau oinarri sariketeak; aurtengoa, Informazinoaren eta Komunikazinoaren Teknologiak (IKTak). Aurten, partaidetza oso handia izan dau lehiaketeak, 33 lan aurkeztu baitira. Gaien aniztasuna be, bestalde, handia izan da. Gazteen eta teknologia barrien arteko hurrekotasuna erakusten dau horrek.

Lau laguneko taldeetan, blog bat sortu behar eben parte-hartzaileek, zientziaren eta teknologiaren inguruko gai bat landu eta blog horretako erabiltzaileen artean eztabaidea sortu. Azkenik, teknologiak kirolean dauen aplikazinoari buruzko blogak irabazi dau sariketea. Epaimahaikideek ez dabe bape dudarik izan blog hori saritzeko, izenburuak dinoana baino harago jo baidabe egileek. Bestalde, blogaren ikuspegi sozial nabarmena goraipatu dabe epaimahaikideek. Mp4 bana jaso dabe irabazleek, Eroski Fundazinoaren babesari esker, baita bisitaldi gidatu bat be eta Zientziaren Kutxagunera.

Bigarren sailkatuak Hernaniko Urumea Ikastolako DBH4ko Boris Dos Ramos, Ander López, Eli Gutiérrez eta Ugaitz Vadillo ikasleak izan dira, Elektroshocka izeneko blogarengaitik. Hirugarren postua, barriz, Gasteizko Jesús Obrero Institutu Politeknikoko Batxilergoko 2Ako Héctor Calderón eta David Pozos ikasleentzako izan da, Motores izeneko blogarengaitik. Bigarren eta hirugarren sailkatuei erregalu-sorta bat emon jake, baita Zientziaren Kutxagunera bisitaldi gidatua egiteko sarrerea be.

www.zientzia.net/teknoskopioa web gunean dagoz ikusgai aurkeztutako lan guztiak, eta, horregaz batera, IKTei buruz lehiaketa honetarako berariaz preparautako materiala be bai: zer eta zein diran IKTak; Internetek ekarri dauen iraultzea; blogak, wikiak eta RSS jarioak zer diran; web 2.0aren munduan zer dagoan...

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesa dau 'Teknoskopioa 2007' ideia-lehiaketeak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu