Bilboko Guggenheim Museoak 10 urte bete ditu

Bizkaie! 2007-10-19 11:36

1997ko urriaren 18an zabaldu eben Guggenheim Bilbao Museoa. Gaur, hamargarren urteurrena ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditue Bilbon, tartean 'Arku Gorria' dalakoaren inaugurazinoa.

Guggenheim Bilbao Museoa Frank Gehry arkitekto estadubatuarrak diseinau eban eta 1997ko urriaren 18an zabaldu eben. Museoa dekonstruktibismoaren estilo arkitektonikoan eregi zan eta titaniozko piezek nortasun berezia emoten deutsie.

Danetara 11.000 metro koadroko erakusketa-azalerea dago, hemeretzi galeria desbardinetan banatuta. Erakusketa aretoez gan, liburutegi bat, auditorio bat, denda bat, jatetxe bat eta kafetegi bat dagoz, kudeaketa-bulegoez gan. Hamar urteotan 10 miloe bisitari inguru izan ditu Guggenheimek.

Museoa Bilbon egiteko ideia Guggenheim fundazinoko zuzendari Tomas Krens-i otu jakon. Frank Gehry arkitektoa kontratau zanean, eraikina non egin erabagi behar izan zan. Udaleko agintariek hasieran Alhondigako gunea eskaini eutsien Frank Gehryri, baina honek ezezkoa emon eban, leku hori txikiegia zalako berak eukan kontzepturako. Orduan, Abandoibarra guneko orubea aukeratu eben.

Obrak 1995ean hasi ziran eta 30.000 miloe pezeta inguruko kostua izan eben. Horrek kritika ugari sortarazo zituan gizartean.


'Arku Gorria'

Guggenheim Bilbao Museoak 10. urteurrena ospatuko dauela eta, hainbat ekitaldi eta egitasmo antolatu dira urte osoan eta gaur, zelan ez, ekimen ugari izango dira Bilbon. Horreen artean, museoak aukeraturiko Daniel Bruren arkikteto frantsesaren 'Arku Gorria' dalakoaren inaugurazinoa dago. Arku gorri horrek museoaren ondoko Salveko zubia eusten dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu