Ikuskizunen Euskal Kontseiluak zezenketetarako araudi barriaren proiektua onartu dau

Bizkaie! 2007-10-18 12:39

Arau barriaren bidez, besteak beste, ospakizun horreetan segurtasunerako neurriak eta bermeak handitzea da helburua. Dokumentu barriak 1996ko araudia ordezkatuko dau eta zezenketa ikuskizun guztietarako arauak batzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazo dauenez.

Eusko Jaurlaritzako eta Eudeleko ordezkaritza banak osotzen daben Ikuskizunen Euskal Kontseiluak Euskadiko zezenketa ikuskizunetarako araudi barriaren egitasmoa onartu dau Gasteizen. Arau barriaren bidez, besteak beste, ospakizun horreetan segurtasunerako neurriak eta bermeak handitzea da helburua. Dokumentu barriak 1996ko araudia ordezkatuko dau eta zezenketa ikuskizun guztietarako arauak batzen ditu, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazo dauenez.

Onartutako testuak zezenketa ikuskizunen muetak zehazten ditu, zehetasun handiz: orokorrak, tradizionalak eta ganerakoak, besteak beste, zezenketa komikoak, errekortariak, 'forcado'-ak eta euskal-landestarrak. Horreek hartzen dituezan esparruetako segurtasun neurriak indartu eta beharrezko osasun taldeak zehazten dira. Era berean, ikuskizunon bermeak be handitzen dira, bermeen eta aseguruen zenbatekoak gaurkotuta.

Bestalde, dokumentuak adin txikikoak sartzeko eta ikuskizuna bertan behera gelditzeko baldintzak be batzen ditu, eta arau-urraketak eta zigorrak hobeto azaltzen dira.

Ikuskizun orokorrei jagoken esparruan, plazearen kategoria zehazteko erispide objektiboak ezartzen ditu egitasmoak: edukiera, egin beharreko ikuskizun kopurua eta zezenketa mueta. Ikuskizunean zehar abelburuei eta kalijoietan egin beharreko kontrolen kopurua be handitzen dau txostenak. Gainera, ikuskizuneko agintarien zeregina azaltzen dau eta sariak emoteko orduan zorrotz jokatu behar dala azpimarratu. Mueta honetako ekitaldietara, adin txikikoak nagusi batek lagunduta joan beharko dabe.

Ikuskizun tradizionalei jagokenez, baimena emoteko jardunbideko betebehar zehatzak mugatzen dira. Halan da be, tradizinoa errespetetako, toreaketa-zezenakaz egin beharreko entzierroetan salbuespenak jarten dira, beti be berme guztiak gordeta. Ekitaldi tradizional horreetan, parte-hartzaileen eta ikusleen segurtasuna lehenesten da, eta gitxieneko baldintzak bete ezean bertan behera ixtea aurreikusten da.

Oro har, 16 urtetik beherakoek ezin dabe holako ikuskizunetan parte hartu, baina, toreaketa-zezenekin egindako entzierroetan, debeku hau adin txikiko guztiei zabaltzen jake. Orokorrak edo tradizionalak ez diran ikuskizunetan ezin da abelbururik hil. Alegazinoak aurkezteko garaia igaro eta Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak onartu eta gero, leitekeana da araudi barria hurrengo zezenketa denporaldian indarrean izatea.

Ikuskizunen Euskal Kontseilua aholku organoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo, Industria, Kultura eta Osasun Saila eta Eudel dagoz bertan ordezkatuta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu