Frantziskotarrak Bermeon dagozanetik 650 urte igaro dirala ospatuko da Bermistorian 2007 jardunaldietan

Bizkaie! 2007-10-17 14:26

Bermeoko Udalak ekitaldiz beteriko Bermistorian 2007 jardunaldiak antolatu ditu urriaren 19tik 28ra bitartean, ‘Frantziskotarrak eta komentua 650 urte Bermeon’ izenburupean, antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez.

Bermeoko Udalak ekitaldiz beteriko Bermistorian 2007 jardunaldiak antolatu ditu urriaren 19tik 28ra bitartean, ‘Frantziskotarrak eta komentua 650 urte Bermeon’ izenburupean, antolakuntzako iturriek jakinarazo dabenez.

Egitaraua bariku honetan hasiko da, hilak 19, Martin Mendizabalek eskainiko dauen ‘Bermeo XIV. mendean. Frantziskotarren etorrerea’ berbaldiagaz. Ekitaldia Jose Mari Bilbaok aurkeztuko dau, eta Ertzila Torrean egingo da 19:00etan hasita.

Urriaren 20an zabalduko da Bermistorian 2007 jardunaldien gune nagusia izango dan antxinako azokea Xabier Legarreta alkatearen pregoiagaz, Bermeoko Alde Zaharrean. Goizez, 10:00etatik 15:00ak arte egongo da zabalik, eta arratsaldez, 17:00etatik 21:00ak arte. Goiz guztian zehar, arkuzko tiroaren taldeak antolatutako jaurtiketak, txorien erakusketea edota kale animazinoa izango dira. Arratsaldean, barriz, Izaro Abesbatzak kalejira bat egingo dau, eta eguna amaitzeko, 21:00etan, ‘Diables de Santa Oliva’ ikuskizuna izango da Benantzio Nardiz kaian.

Urriaren 21ean, goizeko 11:00etan barriro zabalduko da antxinako azokea, eta txokolatadea izango da Bastarre kalean, Haitz Nagusije alkarteak antolatuta.

Hilaren 25ean izango dabe jarraipena Bermistorian 2007 jardunaldiek. Egun horretan, Bitor Uriarte hizlari dala, ‘Bermeoko Frantziskotarren egoerea XIX. mendean’ gaia landuko da Ertzilla Torrean, 19:00etatik aurrera.

Hurrengo egunean, urriak 26, ‘Komentuaren berreskurapena’ izenburuko mahai-ingurua izango da, Alberto Zulueta eta Josan Apraiz hizlari dirala, eta Bitor Garamendiren aurkezpenagaz. Ertzilla Torrean izango da ekitaldia, 19:00etatik aurrera.

Urriaren 27an, mendi urteerea izango da Sollube 707 Mendizale taldeagaz. Era berean, bisita gidatuak eta ate edegien jardunaldia egingo dira Frantziskotarren Eleiza, Klaustroa eta Komentua ezagutzeko. Izena aurretiaz emon behar da Turismo Bulegoan. Arratsaldez, 18:45ean, Aresti ganbera laukoteak kontzertua eskainiko dau Frantziskotarren Klaustroan, eta 20:00etan, Izaro Abesbatzak abestutako mezea izango da San Frantzisko eleizan.

Azkenik, urriaren 28an, Udalbatza udaletxearen aterpean batuko da 12:30etan Frantziskotarren eleizara joateko. Bertan, 13:00etan, Bermeoko Abesbatzak meza nagusian abestuko dau, eleizako kargu gorenak eta Bermeoko Udaleko agintariek parte hartuko dabelarik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu