Lurrazpiko argazkiak Matienako GEMA Espeleologia Taldearen eskutik

Gema Espeleologia Taldea 2007-09-17 02:00

Matienako (Abadiño) GEMA Espeleologia Taldeak argazki erakusketea antolatu dau Durangoko Arte eta Historia Museoan. Azken ia hogei urteotan Urkiolako Parke Naturalean egindako lana batzen daben hogeita hamar bat argazkik osotzen dabe erakusketea.

Matienako (Abadiño) GEMA Espeleologia Taldeak argazki erakusketea antolatu dau Durangoko Arte eta Historia Museoan. Azken ia hogei urteotan Urkiolako Parke Naturalean egindako lana batzen daben hogeita hamar bat argazkik osotzen dabe erakusketea. Argazkiez gan, espeleologiako materiala eta kobazuloetan topautako hazurrak izango dira ikusgai, Mañariko Hontza museoaren lankidetzeari esker. Gainera, espeleologiari buruzko berbaldia be egongo da irailaren 27an.

GEMA Matienan sortu zan 1980ko hamarkadearen amaieran, eta gaur egun Durangalde osoko jenteak osotzen dau taldea.

Erakusketan argazkien bitartez taldearen historian bidaia egiten saiatuko gara. Irudi bakotxak gure ibilbidearen garai esanguratsuenetakoren bat ekarriko deusku gogora, eta GEMArako kobazulorik garrantzitsuenak izan diranak ikusiko doguz.

Taldearen garai guztiak, esplorazino nabarmenenak, aurkikuntzak eta bestelako lanak alkarregaz lotzen ahaleginduko gara. Horrezaz gan, ez doguz ahaztuko gure esplorazino-eremutik kanpo, hau da, Urkiolako Parke Naturaletik harago, egindako bisitaldiak, horreek be gure jardueren parte dira eta.

Argazki montaje bitan GEMAn ibili diran lagun guztiak gogoratu nahi doguz: batetik, bai aldi batean bai luzaroan GEMAko kide izan diranak, eta bestetik, gure jardueretan parte hartu daben guztiak.

Argazkiez gan espeleologia egiteko erabilten dan materiala ikusgai egongo da, eta baita kobazuloetan plano topografikoak egiteko erabilten diran tresnak be. Bestalde, Durangaldean harrobiek eta meategiek desagerrarazo edo hondatutako kobazuloei buruzko informazinoa be jarriko dogu.

Erakusketa hau antolatzeko, oso garrantzitsua izan da Enrike Huerta malakologoaren lankidetzea. Huerta Mañariko Hontza Natur Zientzien museoko zuzendaria da. Jente askok, Durangaldeko kobazuloetan hazurrak topatu dituanean, berari emon deutsoz museoan gordeteko, eta ondorioz, inguruotan egindako aurkikuntzen bildumatxua dauka. Enrike Huertaren gogoari eta borondate onari esker, erakusketan hazur horreetako batzuk ikusi ahal izango doguz.

Azkenik, irailaren 27an espeleologiari buruzko berbaldia emongo dau GEMA taldeko kide batek. Bertan espeleologiaz berba egingo da oro har, baina bereziki Urkiolako Parke Naturaleko kobazuloez.

- Lekua: Durangoko Arte eta Historia Museoa.
- Egunak: Irailaren 7tik 30era.
- Ordutegia: Asteartetik ostiralera 11:00-14:00 eta 16:00-20:00.
- Zapatuetan 11:00-14:00 eta 17:00-20:00.
- Domekatan 11:00-14:00.
- Berbaldia: irailaren 27an arratsaldeko 19:30etan Museoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu