‘Kalea guztiontzat’ lelopean, irailaren 22an auto barik Bilbon

Bizkaie! 2007-09-14 02:00

Zortzigarren urtez jarraian, 'Uria nire kotxe barik!' jardunaldia izango da Bilbon. Irailaren 16tik 22ra, ‘Mugikortasunaren Europako Astea’ dalakoagaz bat eginez, hainbat ekimen antolatu ditue autoaren erabilerea murrizteko. Autorik bako eguna irailaren 22a izango da.

Zortzigarren urtez jarraian, Bilbo ‘Uria nire kotxe barik!’ jardunaldian sartu da. 1998. urtetik hona, jardunaldi hori irailaren 22an izaten da Europako Batasunean. Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak antolatuta, 2007ko ‘Bilbon, nire kotxe barik! - ¡Bilbao, sin mi coche!’ jardunaldia irailaren 22an ospatuko da, hilaren 16an, domekan, hasiko dan ‘Mugikortasunaren Europako Astearen’ barruan. Jardunaldia Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio Saileko zinegotzi ordezkari Asier Abaunzak eta Hirigintza eta Ingurumen Saileko zinegotzi ordezkari Julia Madrazok, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio zuzendari Alberto Mostajok eta Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailburuaren aholkulari Noemi Otegik aurkeztu dabe.

Aurten, Europan, aukeratutako leloa ondorengoa da: ‘Kalea guztiontzat’. Asmoa da adierazotea autoek okupetan daben espazioa gehitzea ez dala garraioaren inguruan dagozan arazoak konpontzeko urtenbidea. ‘Ibilgailu pribaduentzako gordetako bideak gitxitzea urtenbide egokia izan daiteke eta, holan, uritar guztientzat bizimodu osasungarriagoa sortuko litzateke, personen mugikortasuna murriztu barik’, zehaztu dabe erakundeetako ordezkariek. Europan, uritar gehienak ingurumena errespetetan daben garraiobideak sustatzearen alde dagozala dinoe ekimenaren antolatzaileek, ‘baita berdeguneak eta oinezkoentzako guneak gehitzearen alde be. Holan, airea errespeteteaz gan, zaratea be ebitauko litzateke’.

Aurreko zazpi urteetan, Bilbon lortutako emoitzak kontuan hartuta, ‘Bizkaiko uriburuak bikain erantzun eban parte-hartze maileari jagokonean’. Antolatzaileen esanetan, igaz antolatutako jaiak sekulako arrakastea izan eban: 600 bizikletatik gora ibili ziran uriaren erdigunean eta egun normal batean baino 15.000 oinezko gehiago; zarateak eta kutsadureak be behera egin eben.


Irailaren 22ko trafiko-aldaketak eta jarduerak

Aurten, Castaños auzoko Fontecha y Salazar kalean eta Errekalde zumarkaleko tartean, hau da, Moyua plaza eta Rodríguez Arias tartean ez da ibilgailu pribadurik ibiliko. Leku horreetan, aurreko egunean aparkalekua murriztuko da. Ganera, Moyua plazako zati batean trafiko pribadua be murriztuko da.

Ibilgailu pribatuen zirkulazioaren murrizketa horreek goizeko 8:00etatik arratsaldeko 20:00etara bitartekoak izango dira.

Eguna jai-giroan pasetako helburuagaz, txistulariak, umeentzako jarduerak, bizikletaz ibilteko aukerea edota Udal Bandearen ekitaldia izango dira, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu