Guggenheimek programa berezia aurkeztu dau Aste Nagusirako

Bizkaie! 2007-08-02 02:00

Musika, jantzea eta gazteentzako tailerrak batzen dituan jai-programea Angel Corellaren jantza-errepertorioak zabalduko dau abuztuaren 17an. Ostean, jazza, perkusino-tailerrak eta beste hainbat ekimen izango dira.

Guggenheim Bilbao Museoak Bilboko Aste Nagusiaren ospakizunagaz bat egingo dau musika, jantzea eta gazteentzako tailerrak batzen dituan jai-programa bategaz eta museoaren hamargarren urteurrenagaz bat eginez.

Igaz Angel Corellak museoan izandako arrakastearen ondoren, ‘Works & Process at the Guggenheim’ programeak jantza-errepertorio bikaina eskainiko deutso barriro Guggenheim Bilbao Museoaren publikoari abuztuaren 17an, New York City Ballet konpainiako irudiakaz.

Abuztuaren 20an, Eurocamerata Orkestreak, Guggenheim Bilbao Museoagaz batera hamargarren urteurrena ospatzen dauela aprobetxauta, kontzertua eskainiko dau Haendel, Beethoven, Tchaikovsky, Hyden eta Rossiniren musikeagaz.

Abuztuaren 21ean eta 22an, hamargarren urteurrenaren ospakizunen artean topau daiteken ‘Guggenheim Belaunaldia’ programeari esker, ume eta gazteek Stomp uri-perkusino taldeak museoko Entzungelan eskainiko dituan jantza eta perkusino tailerretan parte hartu ahal izango dabe 7 eta 13 urte bitarteko umeek eta 17 eta 23 urteko gazteek.

‘Guggenheim Bilbao Gauak’

Museoaren hamargarren urteurreneko Aste Nagusia ospatzeko amaiera ekitaldi legez ‘Guggenheim Bilbao Gauak’ izango dira aurte be. Abuztuaren 21etik 24ra bitartean, museoak bere ateak edegiko ditu 23:00etatik 2:00etara.

La Bilbaína Jazz Clubegaz lankidetzan, ‘Alberto Durero: Städel Museum-aren Bildumako grabauak’, ‘Anselm Kiefer’ eta ‘Ezezagunak: Euskal Herriko arte garaikidearen kartografiak’ erakusketak ikusi ahal izango dira Atrioan, jazza joten dan bitartean. Tartean, talde honeek izango dira: Scout Hamilton & Dexterity (abuztuak 21), Raynald Colom Quintet (abuztuak 22), The Diego Brothers (abuztuak 23) eta Gorka Benitez Quartet (abuztuak 24).

Museoaren jai-programea osatzen daben jarduera guztien sarrerak salgai dagoz Guggenheim Bilbao Museoaren leihatiletan baina Stomp tailerrenak ez. Azken horreek 944 35 90 90 telefonoan dagoz eskuragai, astelehenetik barikura, 9:00etatik 14:00etara. Museoaren Lagunek % 50eko deskontua izango dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu