'Hau ez da nahikoa' lelopean, manifestazinoak egingo dira Euskal Herrian, homosexualen egunean
2007-06-28 02:00Mundu osoko gay, lesbiana eta transexualen eguna ospatzeko, Euskal Herrian manifestazinoak dagoz deituta uriburuetan, baita jaiak eta erakusketak be.
Mundu osoko gay, lesbiana eta transexualen eguna ospatzeko, Euskal Herrian manifestazinoak dagoz deituta uriburuetan, baita jaiak eta erakusketak be.
‘Hau ez da nahikoa, esto no es suficiente’ lelopean, iluntzeko zortzietan, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñan izango dira manifestazinoak. Miarritzen, 16:00etan izango da.
Donostia, garagarrilaren 1era bitartean, Kursaal jauregia gay harrotasunaren banderearen argi koloretsuakaz jantzi dabe. Bestetik, Gehituk antolatuta, erakusketa berezia dago uriburuko liburutegi nagusian. ‘Historiako Homosexualak’ izenburupean, garagarrilaren 14ra arte egongo da zabalik. Homosexualak izan ziran edo beren bizitzan sexu bereko lagun bat maite eben lagun ezagunak (zientzia, literatura, artea, politika eta erlijino arlokoak) batzen ditu erakusketeak. Hogeta sei paneletan, Alejandro Handia, Sokrates, San Agustin, Miguel Anjel, Catalina de Erauso, Gertrude Stein (idazlea), Tchaikowski eta Jacinto Benavente dira, besteak beste, persona horreek.
Bilbon, aurtengo Urrezko Hirukia eta Trapuzko Espartina sariak nori jagokozan jakinarazoko dabe
EGHAMek eta Gaytasunak.
Eguna ondo amaitzeko, jai ugari dagoz antolatuta, Gasteizko Montermoso kulturgunean edota Bilboko Kafe Antzokian, berbarako.
Bestalde, aurten Madrilen ospatuko da ‘Europride’ jaialdia, bagilaren 28tik garagarrilaren 1era bitartean.
Homosexualidadea zigortuta dagoan herrialdeak
Amnisty Internacional (AI) erakundeak adierazo dauenez, homosexualak baztertzen dituezan 70 herrialde dagoz eta, horreetako zortzik (Afganistan, Saudi Arabia, Iran, Mauritania, Pakistan, Sudan, Yemen eta Nigeriako iparraldeko estatu batzuk) heriotza-zigorra ezarten dabe.
Gay Harrotasunaren Egunaren harira, Poloniako Gobernuaren jarrerea kritikau dau AIk. Erakundearen arabera, ‘homofobia instituzionala’ egiten dabe Kaczynski bikiek.
Edozelan be, erakundeak autortu dauenez, homosexualidadearen kontrako mobimentuek behera egin dabe azken urteotan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!