Mariasun Landa idazlea haur eta gazte literaturako H.C. Andersen Sarietarako hautagai izentau dabe

Bizkaie! 2007-05-04 02:00

Haur eta Gazte Liburuen Espainiako Alkarteak (OEPLI) Mariasun Landa idazle errenteriarra aukeratu dau IBBYk (International Board on Books for Young People) antolatzen dauen 2006ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. Haur Literaturako ‘Nobel Sari txikiak’ bezela ezagunak diran sari honeek bi urtean behin emoten dira 1956tik.

Haur eta Gazte Liburuen Espainiako Alkarteak (OEPLI) Mariasun Landa idazle errenteriarra aukeratu dau IBBYk (International Board on Books for Young People) antolatzen dauen 2006ko Hans Christian Andersen Sarietarako hautagai. Haur Literaturako ‘Nobel Sari txikiak’ bezela ezagunak diran sari honeek bi urtean behin emoten dira 1956tik.

OEPLIrena da Espainiako Estadutik hautagaiak aurkezteko ardurea: hautagai bat idazle atalean, beste bat ilustratzaile alorrean. Oraingoan, Galtzagorri alkarteak aurkeztutako euskal hautagaia (Mariasun Landa) izan da aukeratua. OEPLIk Estaduan lau atal ditu federatuta, eta horreetako bat Galtzagorri Euskal Haur eta Gazte Literatura Alkartea da.

OEPLIk bezela, IBBY osotzen daben beste atalek euren hautagaiak aurkeztuko ditue sarirako, eta ondoren, Haur eta Gazte Literaturako hamar adituk osotutako nazinoarteko epaimahai batek Hans Christian Andersen Sariko irabazleak aukeratuko ditu. Irabazleak Kopenhagen 2008ko irailean egingo dan IBBYko Biltzarrean emongo dira ezagutzera.

H.C. Andersen Sariak euren obra osoagaz haur eta gazte literatureari ekarpen garrantzitsua egin deutsen idazle eta ilustratzaileei euren lanaren errekonozimendua eskaini nahi deutse; ibilbide oso bat saritzen dau beraz. Orain artean, OEPLIk hautagai bezala aurkeztu duen idazle euskaldun bakarra Bernardo Atxaga izan da, 2000. urtean, hain zuzen. Ilustrazio atalean berriz, Asun Balzola aurkeztu zen hautagai moduan bi aldiz, 1988an eta 1992an. Hauetako inork ez du lortu ordea, Hans Christian Andersen saria eskuratzerik.

Andersen Saria mundu mailan Haur eta Gazte Literaturan emoten dan Sari garrantzitsuenetakoa da. Saria eskuratu daben idazleen artean dagoz, besteak beste, Christine Nöstlinger austriarra, Gianni Rodari italiarra edota Astrid Lindgren suediarra. Espainiako Esdatuko hautagai bakarrak lortu dau, barriz, urte honeetan guztietan saria eskuratzea: Jose Maria Sanchez Silvak, ‘Marcelino Pan y Vino’ lanaren egileak hain zuzen, 1968an.


Mariasun Landa

Mariasun Landa Errenterian jaio zan 1949an. 1973an Filosofian lizentziau zan Parisen eta zenbait urtez Oinarrizko Heziketan eta IRALEko irakasle jardun eban.

Egun Literaturearen Didaktikako irakasle da Donostiako Unibersidade Irakasle-Eskolan (Euskal Herriko Unibersidadean), eta Galtzagorri alkarteko kide da.

Euskal Herriko hainbat aldizkari eta egunkaritan kolaborazino lanak egin baditu be, haur eta gazte literaturan ditu bere emaririk nagusienak, honezkero, alor honetan, 30 titulu argitaratu baititu. Plazaratutako azken lanen artean dagoz: ‘Galtzerdi Suizida’ (2001), ‘Marlene eta taxizapata’ (2001) eta ‘Haginak eta hilobiak’ (2005).

Kaleratu dituan lanen artean asko Espainiako (katalana, galiziera, gaztelera) nahiz beste herrialdeetako hizkuntzetara (ingelesa, frantsesa, alemana, grekoa, koreera, arabiera, albaniera...) itzuli dira.

Landak jasotako sarien artean, honakoak nabarmendu daitekez: Lizardi Saria 1982an ‘Txan Fantasma’ ipuinarengaitik; Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria ‘Alex’ ipuinarengaitik 1991n; Municheko Haur eta Gazte Literaturako Nazinoarteko Liburutegiak emoten dauen White Raven Saria ‘Elefante Txori-bihotza’-rengaitik 2001ean; ‘Krokodriloa ohe azpian’ lanagaitik 2003an Tolosako Antonio Maria Labaien Saria eta Espainiako Kultura Ministerioak emoten dauen Sari Nazionala eskuratu zituan.

Bestalde, Landa bi aldiz egon da IBBYk bi urtean behin barritzen dauen Ohorezko Zerrendan: 1992an, ‘Iholdi’ ipuinagaz; eta 2006an, ‘Krokodriloa Ohe Azpian’ lanagaz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu