Gerra Zibila gogoan hartuko dauen ikastaroa antolatu dabe

Bizkaie! 2007-05-02 02:00

Udako Euskal Unibersidadeak eta Aranzadi Zientzi Alkarteak ‘1936ko gerra. Oroimena eta ahanztura Euskal Herrian’ ikastaroa antolatu dabe maiatzaren 2tik abuztuaren 1era bitartean, gomuta historikoa berreskuratzeko helburuagaz.

Udako Euskal Unibersidadeak eta Aranzadi Zientzi Alkarteak ‘1936ko gerra. Oroimena eta ahanztura Euskal Herrian’ ikastaroa antolatu dabe. Maiatzaren 7tik abuztuaren 1era bitartean, gomuta historikoa berreskuratzeko helburuagaz, ikasleek ‘ahaztea norbere etxean, norbere herrian edo norbere eskualdean’ ikertuko ditue, antolatzaileen esanetan.

Ikastaroaren lehenengo zatian, 1936eko gerraren bilakaera historikoa eta beronen ondorioak landuko dira.

Bigarrenean, Gerra Zibilean afusilautakoen gorpuak deshobiratuko dira, metodo arkeologikoen bidez; horretarako, antropologia fisikoaren jakingarriak irakatsiko dira.

Eta, azkenik, ahaztea eta gomutea landuko dira; parte-hartzaileek gerra zibilaren ondorioak sufridutakoen testigantzak jaso eta euren ganeko dokumentazinoa arakatuko ditue. Azkenik, hori guztia batu ostean, narrazino digitalaren balibideak tarteko, etorkizunean erabilteko moduko lekukotzak batuko ditue parte-hartzaileek.


Ikastaroaren ezaugarriak

Danetara, 125 orduko ikastaroa izango da. Arlo teorikoa ordenagailuz landuko da MOODLE plataformearen bitartez. Tutorizazinoa be on line izango da baina arlo praktikoa, barriz, tailer eta ikerketa arkeologikoen bitartez landuko dabe ikasleek.

Ohiko matrikulea 450 eurokoa da; UEU edo Aranzadiko bazkideek prezio berezia izango dabe, 375 euro. Bizkaiko ikasle edota lanbakoentzat matrikulea doban izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu