Gerra Zibilaren ganeko erakusketea maiatzaren 6ra arte izango da zabalik Durangon

Bizkaie! 2007-04-27 02:00

Martiaren 31n zabaldu zituan ateak Durangoko Arte eta Historia Museoan, Durangoren bonbardaketea izan zala 70 urte beteten ziran egunean. Gerra Zibilak 1936 eta 1937 urteen artean Durangaldean itxitako ondorioak ikusteko aukerea dago erakusketan.

Gerediaga Alkarteak Durangoko bonbardaketearen 70. urteurreneko ekitaldien barruan, 'Guda zibila Durangaldean' izeneko erakusketea preparau dau. Martiaren 31n zabaldu zituan ateak Durangoko Arte eta Historia Museoan, Durangoren bonbardaketea izan zala 70 urte beteten ziran egunean. Erakusketeak izan dauen arrakastea ikusita, maiatzaren 6ra arte luzatzea erabagi dabe.

Gerra Zibilak 1936 eta 1937 urteen artean Durangaldean itxitako ondorioak ikusteko aukerea dago erakusketan. Horretarako, 20 bat argibide-taulatan 1936 urteko garagarrilaren 18ko altxamentutik 1937. urteko maiatzaren 22ra bitartean Durangaldeko jazoerak erakusten dira (egun horretan, Mola generalaren tropek Mañaria herria hartu eben. Durangaldean Eusko gobernuari babesa emoten eta errepublikarren legea beteten azken herria).

Argibide-tauletan argazki eta grafikoak izango dira nagusi, horreen bitartez gertatutakoak zer ondorio izan zituan erakusteko. Eta horreen osogarri, sasoiko dokumentu, egunkari eta hornidura militarrak dagoz ikusgai, tartean, Durangon bertan egindako granada bat. Materiale hori bildumazale diferenteek, norbanakoek eta erakundeek itxitakoak dira.

Erakusketa honen atxakian, Gerediaga Alkarteak izen bereko liburuxkea be kaleratu dau. Eta alkarteak bonbardaketearen ganean argitaratutako liburuak be www.gerediaga.com webgunean on-line kontsultetako aukerea izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu