Euskerazko lekuan lekuko bost telebistek akordioa sinatu dabe Hamaika taldeagaz
2007-03-20 01:00Goiena Telebista, Tolosaldeko Komunikabideak, Urola Kostako Komunikabideak, Goierri Ikuskari eta Oizmendi Telebista dira hitzarmena sinatu daben telebistak.
Euskerazko lekuan lekuko bost telebistek eta Telebista Hedatzeko Hamaika Taldeak akordio bana sinatu dabe Eusko Jaurlaritzeak zabaldutako lekuan lekuko telebisten lizentzien lehiaketara alkarregaz aurkezteko. Holan, Hamaikak hitzarmen bana sinatu dau honako telebista honeekaz: Goiena Telebista, Tolosaldeko Komunikabideak, Urola Kostako Komunikabideak, Goierri Ikuskari eta Oizmendi Telebista.
Akordio bakotxak bere zehetasunak dituan arren, guztietan amankomuna da Hamaikak enpresa horreetako bakotxean parte izango dauela eta enpresa horreen bidez izango dala Hamaika eskualde horreetan, hau da, Debagoienan, Tolosaldean, Urola Kostan, Goierrin eta Lea-Artibai Busturialdean.
Akordioagaz, eta Hamaikak hainbat euskera alkartegaz beste hamar eskualdetan sortutako enpresakaz, Euskal Autonomia Erkidegoko 15 barrutietan euskera hutsezko telebista baten proiektu bana aurkeztuko da. Lizentzia lortu ezkero, eskualde bakotxean euskerazko telebista kate bat egiteko aukerea egongo da.
Honeek dira beste hamar barrutiak eta barruti horreetara aurkeztuko diran enpresak: Bilbo, Barakaldo, Getxo eta Mungia (Bilbo Handia Ikusentzunezkoak); Durangaldea (Urkiola Ikusentzunezkoak); Donostialdea (Donostialdea Ikusentzunezkoak); Oarso-Bidasoa (Oarsoaldea Bidasoa Ikusentzunezkoak); Gasteiz eta Aiara (Araba Ikusentzunezkoak); eta Debabarrena (Arno Ikusentzunezkoak).
Akordioa sinatu daben bost telebisten artean eta beste hamar demarkazinoetan aurkeztuko diranakaz batera, Euskerazko Toki Telebisten Sarea antolatuko da, programazino amankomuna sindikazino erregimenean alkarregaz produzidu eta publizidadea gestionetako. Behin lizentziak eskuratuta osotuko dan sarean, Nafarroako euskerazko telebistek be izango dabe lekua.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!