Antzerkia, jardunaldiak, mintegiak eta dibulgazinoko standak izango dira EAEn martiaren 15eko Kontsumitzailearen Egunean

Bizkaie! 2007-03-12 01:00

Antolaturiko ekintzen helburua da herritarrei modu dibertigarri eta didaktikoan hurreratzea produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko prozesuakaz loturiko alderdiak, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazo dabenez.

Martiaren 15ean ospatuko dan Kontsumitzailearen Munduko Egunaren harian, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzeak, aurreko urteetan bezela, bat egingo dau ospakizunagaz, eta hori dala-eta, hainbat jarduera antolatu EAEko hiru uriburuetan.

Antolaturiko ekintzen helburua da herritarrei modu dibertigarri eta didaktikoan hurreratzea produktuak eta zerbitzuak eskuratzeko prozesuakaz loturiko alderdiak, Eusko Jaurlaritzako iturriek jakinarazo dabenez.

Kontuak kontu, astelehenean, martiaren 12an, goizeko 11:00etan hasiko da ekitaldien programazinoa Gasteizko Beñat Etxepare Antzokian, Kuku Bazar Antzerkia taldearen ‘Happy’ lanaren emonaldiagaz, bigarren hezkuntzako ikasleei, alkarteei eta helduen taldeei zuzendutakoa. Umore-puntuan eta hezkuntza-alderdia nabarmenduz, gogoeta eragin nahi dau lanak kontsumoak eguneroko bizitzan egiten dauen presinoari buruz.

Emonaldi hori errepetidu egingo da, ordu berean, martitzenean, Donostiako Egia auzoko Kultur Etxean, eta barikuan Bilboko Ingeniaritza Teknikoko Eskolako Areto Nagusian.

Bestalde, martiaren 13an eta 14an Kontsumo Kontzienteari buruzko I. Mintegian programautako bi saio izango dira Gasteizko Europa Jauregian; esperientziak, gogoetak eta proposamenak hurreratzea da helburua, kontsumo arduratsuagoa, etikoagoa, solidarioagoa eta ekologikoagoa lortze aldera.

Ponentzia eta tailerretan egituratuta dago mintegia, eta gizarte-erakundeei, kontsumitzaileen alkarteei, merkatariei, administrazino publikoei eta ingurumenaren eta gizartearen preminetara hobeto moldatzen dan kontsumoa lortzeko interesauta dagozan personei zuzenduta dago.

Martiaren 13an, 14an eta 15ean Bilbon izango dira, Batzar Nagusien egoitzan, Kontsumoari eta Bizi Kalidadeari buruzko V. Jardunaldiak; urtero garatzen dan programea da, eta kontsumoaren alorragaz loturiko hainbat arlo ekonomikotako ikasle eta profesionalek hartuko dabe parte.

Oraingoan, gaur egungo hainbat gai jorratuko dabez, besteak beste, azalera handien eta merkataritza tradizionalaren etorkizuna, Ingurumenaren aldetik Iraunkorra dan Kontsumoari buruzko Euskal Plana, familia-gainzorpetzea edo teknologia barriek eskaintzen dabezan aukerak kontsumo arduratsua egiteari begira.

Horrezaz ganera, martiaren 15ean, Kontsumitzaileen Eskubideen Munduko Egunean, Eusko Jaurlaritzako Kontsumo eta Industria Segurtasuneko Zuzendaritzeak herritar guztiei zabalduriko dibulgazinoko standak jarriko ditu EAEko hiru uriburuetan. Igaz, ia 10.000 lagun hurreratu ziran kontsumoagaz loturiko arloakaz informazinoa eskaintzen daben karpa horreetara.

Aurten, Kontsumo Geletan emoten diran prestakuntza-tailerren erakusketa bat eskainiko da Bilboko karpan, eta lehiaketa bat izango da aukeratutako parte-hartzaileen artean erosketa arduratsuena nork egiten dauen jakiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu