Berangoko jantza-taldea Krakoviara joango da udan

Bizkaie! 2007-02-27 01:00   Kulturea
Bidaia garagarrilaren 28tik abuztuaren 2ra izango da

Simon Otxandategi taldea zuzeneko ‘Charter’ hegaldi berezi batean joango da, geldialdirik barik. Honezaz ganera, inguruko leku ederrenak eta interesgarrienak ezagutzeko ibilalditxuak be antolatu dabez.

Berangoko Simon Otxandategi jantza-taldeak Krakovian ospatuko dan folklore lehiaketan parte hartuko dau eta, hori dala eta, Berangoko Udalak uri horretara joateko bidaia antolatu dau. Osteratxua garagarrilaren 28tik abuztuaren 2ra izango da eta taldea zuzeneko ‘Charter’ hegaldi berezi batean joango da, geldialdirik barik. Honezaz ganera, inguruko leku ederrenak eta interesgarrienak ezagutzeko ibilalditxuak antolatu dira, hegoaldeko zonaldetik eta mendietatik.

Urteera horreetan gidari profesionalek hartuko dabe parte. Ibilaldiak hoteletik hur egingo diranez, bidaiak mantenu osoa barneratuko dau, kalidadezko hotel batean.

Krakovia bertako eta nazinoarte mailako turismo gune oso garrantzitsua da eta urtero miloe bi bisitari baino gehiago jasoten ditu. Arte eta arkitekturearen kolosoa da eta UNESCOk babestutako leku legez izentau dabe bertako Alde Zaharra.

Bidaiaren ganeko informazino gehiago emoteko, martiaren 16an batzarra egingo dabe Kultur Etxean, arratsaldeko 19:30ean. Izena emoteko epea apirilaren 30ean amaituko da, herriko Kultur Etxean eta lekuak mugatuta egongo dira, hegazkina bete arte. Herrian erroldautako personek lehentasuna izango dabe. Lekuak baino eskaera gehiago egon ezkero, zozketea egingo da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu