Deustuko Unibersidadeak Frantzisko Garate dohatsuaren jaiotzearen 150. urteurrena ospatuko dau
2007-02-02 01:00Hasi barria dogun 2007 honetan, Jesusen Lagundiak Anaia Garate dohatsuaren eta Aita Pedro Arruperen jaiotzen urteurrenak ospatuko ditu. Biak egon ziran estu lotuta Deustuko Unibersidadeari
Hasi barria dogun 2007 honetan, Jesusen Lagundiak Anaia Garate dohatsuaren eta Aita Pedro Arruperen jaiotzen urteurrenak ospatuko ditu. Biak egon ziran estu lotuta Deustuko Unibersidadeari, Garate dohatsua Deustuko Unibersidadeko alkarteko kidea izan zalako 40 urte baino gehiagotan, eta Aita Arrupe, Jesusen Lagundiko Prepositu Jenerala izanik, Deustuko Unibersidadeko Kantzelari Nagusia izan zalako 16 urtean.
Urteurren horreek ospatzeko, Deustuko Unibersidadeak zenbait ekitaldi antolatu ditu. Lehenak aste honetan bertan izango dira, hain zuzen be, oraintxe beteko baitira 150 urte Frantzisko Garate Dohatsua jaio zala. Garate dohatsua 1857ko zezeilaren 3an jaio zan Errekarte baserri-etxean, Loiola-Azpeitian. 1929ko irailaren 9an hil zan Bilbon. Hamalau urtegaz hasi zan beharrean jesulagunen Urduñako ikastetxean (Bizkaia). Bertan heldu jakon bokazinoa eta 1874an sartu zan Jesusen Lagundian. Oinez joan zan Poyanneko nobiziotegira (Landes-Frantzia), hirugarren karlistadea zala-eta ha erbestean egoalako. Pontevedrako La Guardiako ikastetxera bialdu eben erizain.
Hamabi urteren buruan, Deustuko Unibersidade sortu barrira bialdu eben eta bertan atezain zerbitzuan (sasoi haretan, harreragile, kanpo hartu-emonetarako arduradun, ikasleen aholkulari, behartsuen janari eta jantzi hornitzaile, etab.) ibili zan berrogeita bat urtez (1888-1929). Hil zanean, aparteko santutasun ospea eukan bere apaltasun eta txirotasunagatik. Joan Paulo II.ak autortu eban dohatsu 1985eko urriaren 6an.
Urteurren hori dala eta, zezeilaren 3an, zapatuan, omenezko zenbait ekintza izango doguz. Lehena, meza bat, 12:15ean, Deustuko Unibersidadeko Kapera Gotikoan (Bilbon), kanonizazino auziko postulatzaileordea, Dionisio Aranzadi, buru dala. Ondoren, luntxa izango dogu DUko tabernan. Egun berean, Loiolako Basilikan, haren sortetxetik hur, Eukaristia Ospetsua izango da, 18:00etan, Donostiako gotzain Juan María Uriarte buru dela. Azpeitiko parrokiako abesbatzak Perosiren meza kantauko dau. Eukaristiaren ostean, 19:00etan, Garate dohatsuaren jaiotetxea izan zan Errekarte baserri barriztatua inaugurauko da.
Deustuko Unibersidadearen Donostiako campusean be haren oroimenezko eukaristia egingo da zezeilaren 2an, barikua, 13:00etan Xabier Otoigunean, Ignacio Cacho, Deustuko Unibersidadeko Loiola Institutuko presidentea, buru dala.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!