Bilbo ‘Max uria’ izango da 2007an arte eszenikoen sarien X. edizinoan
2007-01-18 01:00Bilbo izango da, datorren apirilaren 16an Euskalduna Jauregian, Arte Eszenikoen Max Sarien X. edizinoa taularatuko dauen uria.
Bilbo izango da, datorren apirilaren 16an Euskalduna Jauregian, Arte Eszenikoen Max Sarien X. edizinoa taularatuko dauen uria. Autor Fundazinoak eta Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusiak (SGAE) antolatzen daben ekimen honek Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Saila, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Bizkaiko Foru Aldundiaren sostengua izan dau aurten.
Aurten, Euskadi aukeratu dabe, Bilbo zehatz esateko, arte eszenikoen erreferenteak diralako, sorkuntzan, sustapenean eta zabalkundean eragile aktiboak izateko bokazinoaz, garatutako ganerako ekimen danakaz batera. Bilbo, bere aldetik, krisi larria gainditu eta bere burua abangoardiatik birdefinidu jakin dauen uria berregokitu eta bultzatzeko eredu bilakatu da azken aldi honetan, baina berezko nortasun ezaugarriei eutsiz. Esangura horretan, glokala izeneko kontzeptua apliketea lortu dau: globalean pentsau eta lokalean jardun.
2001ean be egoitza izan zan
Era berean, Max Sarien X. edizinoa Bilbon antolatzeko erabagia hartzerakoan, ondo gogoan erabili dabe 2001ean uri honetan egindako galak lortu eban harrera ezin hobea. Egileentzat ahaztu ezinezko esperientzia izan zan, eta hamar urtetako historian antolatu diran onenetakotzat joten dabe. Aurreko urteetan, arte eszenikoetako saririk entzutetsuenek honako uriak bisitau dabez: Madril, Bartzelona (bi aldiz), Sevilla, Valentzia, Vigo, Zaragoza eta Guadalajara.
Aurreko urteetako esperientzia baikorrak proiektua sendotu dau, eta aldi berean, uri honeen irudi bizia eta kultur dinamismoa Estadu osora zabaltzen lagundu dau.
Max Sariak gure herrialdeko arte eszenikoetan dagozan artista eta profesionalen talentua bultzatu eta saritzeko asmoz eratu ziran, Frantziako Molière, Ingalaterrako Olivier eta Broadwayko Tonys sarien ereduari jarraituz.
Aurreko denporaldian estreinau edo herriz herri ibili diran ikuskizun danak lehiatzen dira sari honeetan. Bai eta ikuskizun horreetan parte hartu daben egile, itzultzaile, moldatzaile, musikagile, egokitzaile, zuzendari, koreografo, figuringile, produktore, antzezle eta dantzariak be. Irabazleak lankideen botoen bitartez aukeratzen dira.
Max Sarien helburuak
Max Sarien bidez lortu nahi diran helburuak honako hiru ardatzen inguruan egituratzen dira:
- Arte eszenikoetako profesionalek egindako lana aintzat hartzea. Prestigiozko sariak diran aldetik, euren helburua ikuskizunen arloan erreferente bihurtzea da, bai eta profesionalen ibilbidea eta produkzinoen bizitasuna sendotzeko bultzagarri be.
- Ikusleen artean zabalpen mailarik handiena lortzea, espainiar gizartean behar dan txertaketa bermatze aldera.
- Gizartearen inplikazino mailarik handiena lortzea, sektoreko profesionalen arteko lankidetza sendo batetik abiatuta eta kultur eragile publiko eta pribatu nagusien adostasunaz. Max Sarien bitartez, ekimen bat, sormen eszenikoa eta kultur bizitza ahalik eta gehien sustatuko dauen antzerki baliabide bat proposatzen da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!