Gerediagak, 41. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokea iragarteko kartela eta gaia ezagutarazo ditu gaur
2006-11-08 01:00 KultureaMiriam Peña durangarrak egin dau 41. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragarriko dauen kartela. Orain arte egin dituan lanetatik nabarmentzekoak dira 2004. urteko San Fausto jaietako kartela, edota Zaldibarko Emakume Langilearen Eguneko kartel irabazlea 2005. urtean.
Azokako kartela
Prentsaurrekoan Jon Irazabal Azokako zuzendariak eta Miriam Peña aurtengo Azokako kartelaren egileak parte hartu dabe. Ekitaldia, goizeko 11etan izan da Durangoko Hitz liburudendan, izan be, Gerediaga Elkartekoen ohiturea da lehenengo kartela liburudenda horretan ipintea, lehenengo liburu eta disko azokarako biltegi izan zalako lokala bera.
Miriam Peña durangarrak egin dau 41. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka iragarriko dauen kartela. Arte Ederretan lizentziatua da eta gaur egun arte ikasketak sakontzen dihardu, eta Durangoko Udalak eskaintzen dituan sormen tailerretako arduraduna da.
Orain arte egin dituan lanetatik nabarmentzekoak dira 2004. urteko San Fausto jaietako kartela, edota Zaldibarko Emakume Langilearen Eguneko kartel irabazlea 2005. urtean.
Azokako gaia: Bidaiak
Gaia ardatz hartuta, mahainguru eta berbaldiak izango dira; tartean, nabarmendu daitekez, euskal bidaiariakaz izango dan barriketaldia edota euskal musikariek munduan zehar egindako birak azaltzeko egingo daben mahaingurua. Eta nabarmentzekoak beste ekitaldi bi:
- Estreinaldia: ¡Gora Vasco! (Milonga de temple y carretilla)
Argentinan egin daben film-dokumentala da. Zuzendaria Roberto Arizmendi da. Igaz 70 urte bete ziran Gillermo Larregi izeneko iruñarrak eskorga bat bultzatuz, oinez, Argentina zeharkatzeko ibilbidea hasi ebala. 3500 kilometro egin ebazan. Ohiartzun handiko abenturea izan zan eta Argentinan ‘El vasco de la carretilla’ ezizenez oso ezaguna egin zan. Bere abenturea igaz errepetidu eban Martin Arizmendi gazteak. Ibilbidea laburragoa izan zan, 100 bat kilometrokoa. Eta ibilbidea aprobetxau eben, Gillermo Larregiren eta Martin Arizmendiren abenturak filme-dokumentalean batzeko.
Argentinan eta Ameriketako beste herrialde batzuetan arrakasta handia izan dau film honek. Bidaiari bitxi eta euskaldun honen istorioa jasoten dauen eta Argentinako zigilua dauen ikus-entzuneko proiektu hau, Euskal Herrian, lehenengoz, 41. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan ikusteko aukerea izango da. Filmaren zuzendaria, Roberto Arizmendi eta ekoizlea, bere anaia Cesar Arizmendi, Durangon izango dira.
- Kultur arteko kontzertua: Pata Negra + Karidadeko Benta
Bidaiatzean gure kultura, ohitura eta pentsakerak, bisitetan doguzan lekuetako kultura, ohitura eta bizimoduagaz trukatzen dira. Musikaz adierazo nahi dogu truke hori. Euskal Herrian biran izango dan Pata Negra taldeak azken kontzertua Durangon eskainiko dau azoka egunetan. Karidadeko Benta musika taldeagaz batera. Hitzordua, Plateruena Kafe Antzokian, abenduaren 7an, 21:30etan). Sarrerak: Aurrez 15€ eta txarteldegian 17€
Azokearen aurkezpen ekitaldiak
Gerediaga Elkarteak esfortzu berezia egingo dau aurten, eta lehenengoz, Azokearen barri Euskal Herriko leku desbardinetako bisitariei aurkezpen ekitaldi berezietan emongo deutse. Gasteiz, Baiona, Iruñea eta Donostian egingo dira aurkezpen ekitaldi horreek, Durangoko prentsaurreko nagusiaren osteko egunetan.
Helburua, Bizkaiaz gaindiko herrialdeetako bisitariei Azokearen barri emotea. Durangoko Azokea Euskal Herri osoan garrantzia handia dauen ekitaldia dalako. Horretarako mahainguru, prentsaurreko eta berbaldiak antolatu dira. Hona hemen egitaraua:
- Zemendiak 23, eguena. Gasteiz
Mahaingurua: Euskal bideoklipak
Partaideak: Ritxi Aizpurua Ohiuka diskoetxea, Ines Osinaga Gose musika taldekoa, Iban Ezkerra Oliba Gorriak musika taldeko kidea eta MusikHerria elkarteko ordezkari.
Non: Montehermoso kulturetxean
Ordua: 19:30etan.
- Zemendiak 24, barikua. Baiona
Prentsaurrekoa Iparraldeko komunikabideentzat
Non: Elkar Megadendna
Ordua:11:30etan.
- Zemendiak 27, astelehena. Iruñea
Berbaldia eta diapositiba emonaldia: ‘El vasco de la carretilla’.
Hizlaria: Txema Urrutia idazlea
Non: Zaldiko-Maldiko elkartean.
Ordua: 19:30etan.
- Zemendiak 30, eguena. Donostia
Mahaingurua: Euskarazko bidaia-liburuak.
Partaideak: Iñaki Mendizabal Elea argitaletxea, Juan Martin Elexpuru idazlea eta Urtzi Urrutikoetxea. Moderatzailea: Aitor Elduaien Bidaide irratsaioko esataria.
Non: Liburutegi Zaharreko aretoan.
Ordua: 19:30etan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!