EuskoTrenek lurrun trenen zirkulazinoak eskainiko ditu
2006-10-27 02:00EuskoTrenek lurrun trenen hiru zirkulazino eskainiko ditu Azpeitia eta Lasao artean. Urriaren 28an, bi zirkulazino eskainiko dira, eguerdiko 12:30etan eta arratsaldeko 18:00etan; domekan, barriz, zirkulazino bakarra eskainiko da, eguerdiko 12:30etan.
EuskoTrenek lurrun trenen hiru zirkulazino eskainiko ditu Azpeitia eta Lasao artean. Urriaren 28an, bi zirkulazino eskainiko dira, eguerdiko 12:30etan eta arratsaldeko 18:00etan; domekan, barriz, zirkulazino bakarra eskainiko da, eguerdiko 12:30etan.
EuskoTreneko Trenaren Euskal Museoak, aste honetan, Portugaleko lehen trenbidearen 150. urteurrenaren ospakizunak gogorarazoko ditu (lehen trena Lisboa eta Carragado artean ibili zan). Hori dala eta, Azpeitiko Museoaren instalazinoak eta Lasaoko geltokia lotzen dituan lurrun trenen ohiko zerbitzua eskaintzeko ‘Portugal’ E-205 lurrun lokomotorea erabiliko dau.
950 zaldi-potentzia eta 65 tona dituan aparteko makina hau Alemaniako Henschel & Sohn (Kassel) enpreseak eregi eban 1913an, Compañia de los Caminhos de Ferro de Miño e Douro izeneko enpresearentzat. Trenbide enpresa honek Duero ibaiaren eskuin ibarretik herriko iparralderaino joiazan bide estuko hainbat adar ustiatzen zituan.
‘Portugal’ E-205 izeneko lurrun lokomotorea Portugalen erabili zan bide estuko hainbat trenbidetan 1986 arte. Hori dala eta, Europan zerbitzu komertziala bete eban azkenetarikoa da. Ondoren, Reguako geltokian itxi eben aparkauta. 1998. urtean, Caminhos de Ferro de Portugal (C.P.) enpreseak EuskoTrenen Trenaren Euskal Museoari emon eutson. Erabarritze lan handia egin eta gero, 2001ean barriro abian jarri zan, eta ordutik, ekitaldi berezietan erabilten da.
Bestalde, EuskoTreneko iturriek gogoratu dabe lurrun trenen 2006ko denporaldia amaitzear dagoala, eta zerbitzu erregularra beste astegoien batean eskainiko dala, oraingoa kontuan izan barik. Gauzak holan dirala, astegoien honetako eskaintzaz gan, zemendiaren 1ean (zirkulazino bat), zemendiaren 4an (bi zirkulazino) eta zemendiaren 5ean (zirkulazino bat) izango dira.
Horrezaz gan, ohikoa dan legez, EuskoTrenen Trenaren Euskal Museoak denporaldiari amaierea emoteko, abenduan lurrun trenen zerbitzu bereziak eskainiko ditu Konstituzinoaren eta Ama Birgina Sortzez Garbiaren jai-zubian.
Informazino gehiagorako: Museoaren telefonoa 943 15 06 77 zein 943 15 07 46 fax zenbakia edota museoa@euskotren.es helbide elektronikoa erabili.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!