Nazinoarteko 26 konpainia eta 50 emonalditik gora, BAD antzerki eta dantza garaikidearen jaialdian

Bizkaie! 2006-10-25 02:00

Urriaren 27tik zemendiaren 5era bitartean, Frantzia, Portugal, Irlanda eta Brasilgo konpainiak Madril, Katalunia eta Valentziatik etorritakoei eta Euskal Herriko taldeen ordezkaritza zabal bati batuko jakez.

Urriaren 27tik zemendiaren 5era bitartean, Frantzia, Portugal, Irlanda eta Brasilgo konpainiak Madril, Katalunia eta Valentziatik etorritakoei eta Euskal Herriko taldeen ordezkaritza zabal bati batuko jakez 10 egun iraungo dauen jaialdian. Estadutik kanpoko taldeei jagokenez, Les Marches de l’Été/Kairos konpainia frantsesaren aurkezpena, Portugaleko Companhía do Chapitô eta Tiago Guedes-Re-Al, Anne Seagrave irlandarra eta Lúdica Dança brasildarra nabarmendu behar dira.

Programazinoan erabateko estreinaldi bi (‘Hombre de arena’, Nexo Teatro-rena, eta ‘Metidas en harina’, Laressistens-ena) eta Euskadin lehen aldiz eskainiko diran zortzi lan nabarmendu daitekez eta barrikuntza legez, aurten bi eszenatoki barri izango dira: San Frantzisko eta La Merced.

BADen zortzigarren edizino honetako barrikuntzei jagokenez, lehenengoa bi eszenatoki barriren erabilerea izango da, biak San Frantzisko aldean kokatutakoak. Arriaga Antzokia, Bilborock, La Fundicion eta BilbaoEszenako ohiko eszenatokiei, aurten Auzo Etxea (Mariaren Bihotza plazan) eta La Merced ikastetxea (Luis Iruarrizaga kalean) gaineratu jakez.

Edozelan be, Itineris Apur Bad da edizino honetako barrikuntzarik handiena: Zazpi Kaleetan egindako ibilbide bat, publikoari antzerkia, dantza eta performanceak ikusteko aukerea eskainiko deutsena aparteko eszenatokietan, Metroan, hotel batean, denda batean edota Hika Ateneoaren egoitzan. Ondoko lau konpainiek parte hartuko dabe: Masmedula Teatrok, Mamak, Leire Ucha eta Miriam K. Martxante antzezleek osaturiko bikoteak eta Izaskun Santamaria dantzariak.

BADek 8.000 ikusle baino gehiago erakarri ebazan igaz, eta aurtengo edizinoan be, Arte Eszenikoetan barrikuntzea, abangoardia eta kalidadea baloretan dituan publiko gaztearen aldeko apustua barritu dau.

Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailak antolatutako Jaialdi honek programaziorik berritzailenaren saria lortu dau aurten Espainiako Antzerki eta Dantza Programazinoen III. Lehiaketan, konpainiek, taldeek eta ekoiztetxeek egindako botazinoan.

Jaialdia zabalduko dauen ikuskizuna (urriaren 27an Bilborock-en, iluntzeko zortzietan), ‘Metáfora +’ izenburukoa, 0 Teatro (Zero) taldeari Leioako Umore Azoka 2006ko euskal ikuskizun onenaren saria bereganatu dauen ‘Metáfora el circo olvidado’ kale-antzezlanaren eszenatokirako moldaketea izango da. Zirku-ariketak, dantza eta antzerkia buztartzen dituan ordubeteko ikuskizuna da, egungo gizarteari buruzko hausnarketa planteetan dauena.

Era berean, antolatzaileek interesatuen esku jarri dabe Jaialdiari buruzko informazino guztia http://www.badbilbao.com webgunean. Sarrerak salgai dagoz 902 216 902 erreserba-telefonoan, eta aldez aurretik erosi ezkero, deskontuak lor daitekez. Horrez gain, Jaialdiko bulegoan be eros daitekez, Arriaga Plazan. Beste modu bat be badago, ‘BAD Abonua’, hain zuzen, lan guztiak ikusteko aukerea eskainiko dauena, Itineris Apur Bad izan ezik. Horregaz batera, Kredibad izenaz bataiatutako erosketa-eredu barria eratu da, transferigarria eta Bilborock, La Merced Ikastetxea eta BilbaoEszenako ikuskizunetarako baliogarria.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu