Seme-alabei gurasoak zelan zaindu erakusteko eskolea Lekeition

Bizkaie! 2006-10-24 02:00

Gurasoen etorkizunaren ganean seme-alabei prestakuntza emotea da Lekeitioko Udalak eta Bizitzen Fundazinoak eguenean martxan jarriko daben ‘Seme-alabentzako Eskolea’ izeneko ekimen aitzindariaren helburua.

Gurasoen etorkizunaren ganean seme-alabei prestakuntza emotea da Lekeitioko Udalak eta Bizitzen Fundazinoak eguenean martxan jarriko daben ‘Seme-alabentzako Eskola’ izeneko ekimen aitzindariaren helburua.

Gizakiek gero eta bizi-itxaropen handiagoa daukien egungo gizartean dagozan beharrizanak aztertu ostean sortu zan proiektua. ‘Seme-alabak, sarritan, oso nagusiak diran gurasoen ardurea hartu behar izaten dabe. Arazoak etxekoen arteko haserreak, erabagiak hartu beharra, krisialdiak, dolua edota etxekoa galtzearen sentsazinoa izaten dira’ , azaldu dabe ordezkariek.

Azken batean, ekimenaren sustatzaileen ustez, ‘gehienetan ez gagoz era horretako egoera bati aurre egiteko moduan eta ez dogu jakiten gaixorik dagoan nagusi bat zelan zaindu edota Administrazinoak eskaintzen dituan laguntzinoak zeintzuk diran be; beti zaindua izatetik zaintzaile izatera pasetan da gaztea’ .

‘Seme-alabentzako Eskolea’ seme-alabei prestakuntzea emon eta laguntzeko sortu dan tailerra da. Eskolak Bizitzen Fundazinoko kideek emongo dabez, doban. Ordu eta erdiko iraupena izango daben zortzi saio izango dira guztira. Bertan landuko diran gaiak honako honeek izango dira, besteak beste: zahartzaro arina, endekapenezko gaixotasunen atzemotea eta prebentzinoa, aldaketeak dakarren dolua, krisialdiei eta erabagiei modu positiboan aurre egitea eta familiarteko komunikazinoa.

’Seme-alabentzako Eskolea’ tailerra urriaren 26an hasi eta abenduaren 14ra bitartean izango da martxan, eguenero, 17:00etatik 18:30era arte, Lekeitioko Kultur Etxean. Izena emoteko Udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara joan edo 94 603 42 00 telefonora deitu behar da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu