Ibaigane, Artatse eta Zamakola-Juan Delmas zentroak saritu dabez Julia Berrojalbiz VIII. Sariketan

Bizkaie! 2006-10-18 02:00

Irakaskuntzearen kalidadea gero eta handiagoa izateko ahaleginetan diharduen eskola-komunidadeko sektoreen ahalegina bultzatzeko asmotan, saria hezkuntza arloko proiektu barritzaile, kultur arteko, solidario eta parte-hartzailerik onenari emoten jako.

Bilboko Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Sailak Julia Berrojalbiz Sarien VIII. edizinoan parte hartu daben hezkuntzako zentroen artean sariak banatu ditu. Ibaigane, Artatse eta Zamakola-Juan Delmas hezkuntza zentroak izan dira aurtengo saridunak.

Irakaskuntzearen kalidadea gero eta handiagoa izateko ahaleginetan diharduen eskola-komunidadeko sektoreen ahalegina bultzatzeko asmotan, saria hezkuntza arloko proiektu barritzaile, kultur arteko, solidario eta parte-hartzailerik onenari emoten jako eta eskuratu ahal izateko, proiektuok Bilboko ikastetxeetan (sare publikokoak zein pribatukoak) gauzatu behar dira saria emon aurreko ikasturtean.

Zortzigarren edizinoan, sari nagusia (estatuatxoa eta 6.000 euro) Ibaigane zentroarentzat izan da, ‘Ibaigane: Espacio de convivencia intercultural’ izeneko proiektuagaitik. Proiektu horren bidez alkarren artean hobeto ezagutzen lagunduko daben jarrerak garatu dabez, ‘guztiontzako lekuak’ sorrarazoteko.

Era berean, akzesit bi egon dira, 1.200 eurokoak: bat Artatse LHIrentzat izan da, ‘Comunidad de aprendizaje-Un camino hacia la transformacion de la realidad’ proiektuagaitik; bestea, Zamakola-Juan Delmas LHIk eroan dau, "Bizi gaitezen elkarrekin" proiektuagaitik.

1999an emoten hasi ziran sari honeen bidez, Julia Berrojalbiz irakasle eta ikastolako zuzendari izandakoa omendu nahi dau Bilboko Udalak. Gernikan jaio baina bizitza gehiena Bilbon emon eban lanean. Hezkuntza-proiektu demokratikoak, guraso eta irakasleek onartuak, egiten eta legeztatzen jardun eban. 1996an hil zan eta aitzindaria izan zan euskerazko irakaskuntzea zabaltzen eta ikastolak legeztatzen.

Sariotan Bilboko ikastetxe guztiek hartu leikie parte, baldin eta aurreko ikasturtean irakaskuntzearen kalidadea hobetzeko proiekturen bat garatu badabe Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan edo Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan. Proiektuen memoria aurkeztu behar da aukeraketa-batzordeak balorau dagian. Batzordeburua Jon Aritz Bengoetxea Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkaria da, eta kideak Eusko Jaurlaritzako eta Bilboko Udaleko hezkuntza arloko teknikariak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu