BBK-Everest espedizinoko kideek uko egin behar izan deutsie tontorrera heltzeari, 448 metro falta zirala

Bizkaie! 2006-10-03 02:00

BBK-Everest Hornbein Couloir espedizinoko kideek uko egin behar izan deutsie munduko mendirik altueneko tontorrari, 448 metro falta zirala. Era horretara, Juan Vallejo, Alberto Iñurrategi eta Ferran Latorre ez dira barriro saiatuko, eta datorren astean Euskal Herrira bueltauko dira.

BBK-Everest Hornbein Couloir espedizinoko kideek uko egin behar izan deutsie munduko mendirik altueneko tontorrari, 448 metro falta zirala. Era horretara, Juan Vallejo, Alberto Iñurrategi eta Ferran Latorre ez dira barriro saiatuko, eta datorren astean Euskal Herrira bueltauko dira.

Bertan goizeko 6:45 zirala (2:45 Euskal Herrian), BBK-Everest 2006 espedizinoko kideek igoerea bertan behera itxiko ebela jakinarazo deutsee kanpaleku nagusian egozanei. Alpinistek kontau dabenez, egunaren hasieratik bertatik Ferran Latorre txarto sentidu da eta 8.000 metroko altueran atzera egin behar izan dau.

Juan Vallejok eta Alberto Iñurrategik, barriz, aurrera egin dabe, baina nekeagaitik eta deshidratazinoagaitik, Vallejok be uko egin behar izan deutso jarraitzeari; bost bat orduko ibilbidea falta zan une horretan gailurrerako, 8.400 metrotan egozan eta. Gauzak holan zirala, Iñurrategik be atzera egitea erabagi dau.

Mendizaleak orain azken kanpalekuan dagoz atsedena hartzen, 7.900 metrora. Bihar lehenengo kanpalekura jaisten hasiko dira eta handik kanpaleku nagusira ordu batzuetan.

Bertatik, laguntza eta informazino-zereginetan ibili dan Juanjo San Sebastianek alpinistek azaldu deutsiezan gorabeherak kontau ditu; espedizinoan ezarri diran eskakizunak apartekoak izan dirala, izan be, ipar bidetik, Hornebin Couloirretik joan dira, Everest mendiaren biderik gatxenetik, egokitzapena denpora errekorrean egin behar izan dabela eta eguraldiak ez dauela lagundu nabarmendu dau. Edurra zala eta, atseden-egunak hartu behar izan dabez, eta horrek apurtu egin dau berez oso gogorra zan erritmoa. Ganera, behin igoten hasita, oso giro gogorra topau dabe, San Sebastianek azaldu dauenez.

Atzo bertan Alberto Iñurrategik ohartuarazoten eban oso gatxa izango zala guztia, 900 metroko desnibela falta zanean, hori asko izan daitekealako baldintza horreetan. ‘Penaturik gagoz, jakina, baina aldi berean oso pozik ondo dagozalako eta lan bikaina egin dabelako. Tamalez, azken saria ez dabe lortu’, ganeratu dau San Sebastianek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu