Bruselak 280,5 miloe euroko isuna jarri deutso Microsofti

Bizkaie! 2006-07-12 02:00

Europako Batzordeak 280,5 miloe euroko isuna ezarri deutso Microsofti, enpresa-lehiakideei Windows sistema operatiboagaz bateragarriak diran produktuak produziduteko behar dan informazinoa ez emoteagaitik.

Europako Batzordeak 280,5 miloe euroko isuna ezarri deutso Microsofti, enpresa-lehiakideei Windows sistema operatiboagaz bateragarriak diran produktuak produziduteko behar dan informazinoa ez emoteagaitik eta, Bruselak 2004an ezarri eutson beste zigor bat ez beteteagaitik.

Gobernu europarrak garagarrilaren 31ra arteko epea emon deutso Microsofti neurri zuzengarri hori beteteko eta, egiten ez badau, eguneko 3 miloe eurora heldu daitekezan isun gehiago ezarriko deutsozala ohartarazo deutso.

Isunaren zenbateko osoa zehazteko, 2005eko abenduaren 15etik 2006ko bagilaren 20ra bitartean eguneko 1,5 miloe euroko isunak batu dira. Halan da be, Europako Batzordeak ez deutso ezarri aurretik iragarritako eguneko 2 miloe euroko isuna.

Posizino nagusiaren gehiegikeriagaitik 2004ko martian Bruselak Microsofti ezarri eutson 497 miloe euroko isunari gehitzen jako gaur iragarri dana. Lehenengo aldia da Europako Batzordeak bigarren aldiz zigortzen dauela enpresa bat bere aginduak ez beteteagaitik.

2004ko martian, Gobernu europarrak posizino nagusiaren gehiegikeriagaitik zigortu eban Bill Gatesek zuzentzen dauen enpresea, eta, isuna jarteaz gan, bi neurri zuzentzaile ezarri eutsozan: Media Player bako Windowsen bertsino bat salgai jartea eta bere lehiakideei informazino osoa emotea euren produktuak Windowsegaz bateragarriak izan daitezan.

Europako Batasuneko Lehen Instantziako Auzitegiak atzera bota eban 2004ko abenduan neurri zuzentzaile horreek eteteko Microsoftek egindako eskaerea. Ordutik hona, Europako Batzordeak hartu-emonak izan ditu enpresa informatikoagaz eta industriagaz bateragarritasunaren inguruan, baina ez dau ondorio positiborik lortu.Erraldoi informatikoak, barriz, pagau ditu 497 miloe euroak eta salgai jarri dau Media Player bako Windowsen bertsinoa. Microsoft eta Europako Batzordea aurrez-aurre dituan auziaren ahozko epaiketea Lehen Instantziako Auzitegian apirilaren amaieran egin zen, baina epaia ez da espero urtea amaitu arte edo datorren urtea hasi arte.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu