Munduko I. Capoeira Txapelketea Bilbon garagarrilaren 5etik 9ra

Bizkaie! 2006-07-04 02:00

Munduko I. Capoeira Txapelketea gaur hasiko da Bilbon eta domekara bitartean egingo da, 1.500 lagunen partaidetzeagaz.

Munduko I. Capoeira Txapelketea gaur hasiko da Bilbon eta domekara bitartean egingo da, 1.500 lagunen partaidetzeagaz, Jon Aritz Bengoetxea Bilboko Udaleko Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkariak lehiketearen aurkezpenean gaur jakinarazo dauenez.

Kirola baino zeozer gehiago dan diziplina honetako munduko irakasle garrantzitsuenak batuko dira Bilbon asteon. Lehiaketeak mueta askotariko jarduerak hartuko ditu eta, herrialdeen arteko lehen capoeira txapelketea be eskainiko dau.

Bengoetxearen esanetan, 'ekitaldi hau bat dator Hezkuntza, Gazteria eta Kirol Sailak eta Bilbao Kirolak-ek herritarrei era guztietako kirolak hurreratzeko helburuagaz' .

Gauzak holan dirala, txapelketea gaur hasiko da zabaltze ekinaldiagaz eta inaugurazinoko cocktail bategaz. Lehiaketea domekara arte egingo da, antxinako capoeira ikastaroakaz, capoeira tradizionaleko eta egungo capoeira ikastaroakaz, askotariko tailerrakaz, kontzertuakaz eta txapelketeagaz.

Txapelketea bi taldetan banatuko da: gizonezko indibidualak eta emakumezko indibidualak. Emonaldia domeka arratsaldeko 14:00etan amaituko da, sari banaketa ekitaldiagaz.

Lehiaketea 19:00etatik 22:00etara izango da Kasillako Pabilioian. Ganerako jarduerak, barriz, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara izango dira, besteak beste, Zorrotzaurreko lautadan, Euskalduna azpiko hockey pistan, Guggenheim Museoaren lautadan, eta La Esperanza Frontoian. Europan antolatuko dan Munduko Txapelketeak aitaturiko kirolari omenaldia egin gura deutso. Kirol hau Brasilen sortu zan orain 500 urte. Emonaldian hainbat herrialdek hartuko dabe parte, besteak beste, Estadu Batuak, Australia, Japonia, Errusia eta Brasil, Europako ia herrialde guztiez gan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu