J.K. Rowlingek iragarri dau bi pertsonaia hilko dirala Harry Potterren azken nobelan

Bizkaie! 2006-06-28 02:00   Kulturea

J.K. Rowling idazle ingelesa Harry Potter mago gaztearen azken abentura idazten ari da momentu honetan, eta Channel 4 britainiarrari eskainitako alkarrizketa batean adierazo dau bi pertsonaia hil egingo dirala azken eleberri horretan.

J.K. Rowling idazle ingelesa Harry Potter mago gaztearen azken abentura idazten ari da momentu honetan, eta Channel 4 britainiarrari eskainitako alkarrizketa batean adierazo dau bi pertsonaia hil egingo dirala azken eleberri horretan. 'Beti izan dot zazpi liburu egiteko asmoa eta zazpi liburugaz amaitu nahi dot' , erantzun dau azken liburuan mago gaztea hilko ete dan itaundu deutsenean. Azken eleberriak ez dauka oraindino izenbururik eta datorren urteko erdialdean edo amaieran argitaratuko da.

Rowlingek ziurtatu dau Harry Potterren zazpigarren liburuaren azken atala orain denpora asko idatzi ebala, '1990ean gitxi gorabehera' , eta 'apur bat' besterik ez dala aldatu. 'Horregaitik badakit zelan amaituko dan' , gaineratu dau.

'Pertsonaia batek indultua lortuko dau, baina hilterik nahi ez neban bi hilko dirala esan behar dot. Prezio bat egon behar da, gaiztakeria hutsagaz gabilzalako. Mundu honetan gauza benetan ezatseginak jazo daitekez' , ohartarazo dau.

Dudea da Harry Potter izango ete dan Lord Voldemort gaiztoaren kontrako azken burrukan hilko dana, eta Rowlingek ez dau jakinarazoko zaleen protesta-gutunak ebitetako. 'Ez dot inoiz tentazinorik izan amaiera baino lehenago hilteko, beti izan dodalako zazpi liburu egiteko asmoa eta zazpi liburuak amaitu nahi ditut' , berretsi dau.

Idazle ingelesak alkarrizketan egindako beste adierazpen batzuk ateak edegiten deutsiez mago gaztearen heriotzeari. 'Oso ondo ulertu neike holan pentsetan dauen autore baten pentsaerea: ia, hil egingo ditut, horrek esan nahiko dauelako inork ezin izango dauela jarraipenik idatzi' .

Harry Potterren lehenengo sei liburuen 300 miloe ale saldu dira mundu osoan. 'Forbes' aldizkariaren arabera, liburuokaz Rowlingek lorturiko dirutzea 1.000 milioi dolar ingurukoa da, Erresuma Batuko emakumerik aberatsena bihurtuz, Isabel II.a erreginaren aurretik. Azken liburuak bakarrik ('Harry Potter eta Printzearen misterioa'-k) hamar miloe ale saldu ebazan salgai jarri eben lehenengo egunean.

Ama banandua zala eta lanik barik egoala hasi zan Rowling 'Harry Potter eta sorgin harria' lehenengo liburua idazten. 'Ez dot uste inoiz izango dodanik Harry lako ezer. Harry lako bat besterik ez da lortzen' , ziurtatu dau, Potterren kontuakaz amaitu ondoren zer egingo dauen argitu barik. Datorren urteko garagarrilerako, akaso, Harry Potteren istorioa amaituko dauen eleberria argitaratu aurretik, bosgarren pelikulearen estreinaldia aurreikusi dabe, David Yates zuzentzen ari dan 'Harry Potter eta Fenixaren Ordena', hain zuzen be.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu