Bill Gatesek Microsoft itxiko dau

Bizkaie! 2006-06-16 02:00

Bill Gates Microsoft informatika enpresa garrantzitsuaren sortzaile eta buruak kargua itxiko dauela iragarri dau. Halanda be, 2008ko garagarrilera arte lanean jarraituko dau, astiro-astiro kargua erabat itxi arte.

Bill Gates Microsoft informatika enpresa garrantzitsuaren buruak kargua itxiko dauela iragarri dau. Halanda be, 2008ko garagarrilera arte lanean jarraituko dau, astiro-astiro kargua erabat itxi arte. Ostean, emazteagaz sortutako karidade-proiektu batean sartuko da bete-betean. Barria CNN telebista-kateak zabaldu dau.

Trantsizino etapea pasau ostean, Bill Gatesek Bill & Melinda Gates fundazinoan behin betiko beteko dau gorengo kargua. Fundazino hori munduan edukazinoa eta osasuna hobetzen laguntzeko sortu eben.

‘Gaur hasi eta urte biren buruan nire lehentasun personalak berrantolatzea erabagi dot’ esan dau Gatesek prentsaurreko batean, momentu honetan ‘munduko lanik onenetariko bat’ daukala onartu arren.

‘Uste dot aberastasunak ardurea be ekarri behar dauela, gizarteari berak emondakoa bueltan emon behar deutsadala’. Holan, ‘baliabideak gehien behar dabezanen artean hobeto banatzen lagundu gura dot’. Bill Gatesek argitu dau ez dala ‘jubilazino’ bat, ‘birkolokazino’ bat baino.

Ray Ozzie konpainiako zuzendari teknikoak hartuko dau software diseinuko zuzendariaren kargua eta Craig Mundie izango da ikerketa eta garapeneko zuzendari barria.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu