Alemaniako Munduko Futbol txapelketea martxan dago
2006-06-09 02:00Txapelketea irabazteko taldeak beste hautagai dagoz baina, duda barik, Brasil da faboritoetako bat (oraingo txapelduna).
Alemaniako Munduko Futbol Txapelketea irabazteko taldeak beste hautagai dagoz baina, duda barik, Brasil da faboritoetako bat (oraingo txapelduna). Carlos Parreiraren taldeak motibauta eta gogotsu ekingo deutso Alemaniako txapelketeari Munduko Kopea irabazteko. Seigarren biderrez lortu gura dabe Munduko Txapelketea, baina badakie, 1998an eta 1982an legez, taldean izarrak izateagaz ez dala nahiko eta euren nagusitasuna berdegunean erakutsi behar dabela.
Ronaldinhok, Urrezko Baloia eta FIFAren urteko jokalari onenaren sariak jaso dituan jokalariak ondo daki presinopean jokatzea zer dan, baina horrenbeste begirada bere jokoan jarrita izateak ez dau emoten asko eragiten deutsonik. Bartzelonako izarrak orain dala lau urte erakutsi eban burua Korea-Japoniako Munduko Txapelketan. Orain, brasildarren itxaropen guztiak beragan dagoz iminita, baina ez da bakarra izango, inguruan izango dituan taldekide guztiak goi-mailakoak baitira.
Dana dala, Argentina, Italia, Alemania, Ingalaterra eta beste selekzino asko ez dira bigarren postuagaz konformauko eta dana emongo dabe txapelketea irabazteko.
Argentinarrak belaunaldi barri bategaz aurkeztuko dira Alemanian. Leo Messi 18 urteko jokalari gaztearen eta Joan Roman Riquelme joko antolatzaile bikainaren gidaritzapean, txapelketea irabazteko aukerea daukie.
Italia aldean giroa berotuta dago epaileen 'erosketak' dirala eta. Bestalde, Ingalaterra kontuan hartzeko selekzinoa da, jokalari bikainak daukazalako. Ganera, Alemania be ez da ahaztu behar: teutoiek etxean jokatzen dabe eta, 1974an egin eben legez, txapelketea irabazteko daukien guztia emoteko prest dagoz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!