'Karmel' aldizkariak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe Bilbon

Bizkaie! 2014-07-10 15:14   kulturbiz

Hitzarmenak Karmel aldizkariaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sustatzea dau helburu, euskereari eta euskal kulturearen normalizazinoari buruzko proiektu partekatuak gauzatzeko. Euskerearen jakitea, erabilerea zein haren aldeko sustapenaren ikerketea, dibulgazinoa eta sentiberatzea izango dira, batez be, bien arteko hitzarmenaren asmoak.

Karmel aldizkariak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmena sinatu dabe eguen honetan, garagarrilaren 10ean, Bilbon, Akademiaren egoitzan. Aldizkariaren izenean, Julen Urkitza zuzendariak sinatu dau, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Eurekaz batera izan dira: Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria eta Karmel aldizkarian parte hartzen daben hainbat idazle, besteak beste, Patxi Uribarren, Luis Baraiazarra, Pilare Baraiazarra, Juan Luis Goikoetxea, Javier Arrieta eta Lorea Akaiturri.

Hitzarmen hau izan daitela euskerearen erabilerearen onerako, eta euskerearen ikerketa-lanean laguntzeko; berba horreekaz adierazo dau Julen Urkitzak gaur sinatu dan hitzarmenaren helburua. Bere ondoan, Andres Urrutiak Karmel aldizkariak izan duen ibilbidea goraipatu dau eta bat etorri da Urkitzak esandakoagaz: Ia lehenbailehen jarten doguzan gure lankidetzearen emoitzak euskal gizartearen esku. Euskerearen onerako izango da, jakina. Izan daitela.

Akademiak jakinarazo dauenez, hitzarmenak Karmel aldizkariaren eta Euskaltzaindiaren arteko alkarlana sustatzea dau helburu, euskereari eta euskal kulturearen normalizazinoari buruzko proiektu partekatuak gauzatzeko. Euskerearen jakitea, erabilerea zein haren aldeko sustapenaren ikerketea, dibulgazinoa eta sentiberatzea izango dira, batez be, bi erakundeon arteko hitzarmenaren asmo nagusiak.

Besteren artean, hitzarmenaren ondorioz, Euskaltzaindia garatzen dagoan Lexikoaren Behatokia izeneko egitasmoa elikatzeko asmoz, Karmel aldizkariaren euskerazko testu multzoa Akademiaren esku jarriko da. Testu multzo hori Hiztegi Batuan egin behar diran azterlanak egiteko be erabili leike Euskaltzaindiak.

Horrezaz gan, honako puntu honeek jaso dira hitzarmenean:

• Euskaltzaindiak erantzuna emongo deutse Karmelek eginiko konsultei, konsultak euskal lexikoaz, gramatikaz, onomastikaz, ortografiaz eta euskalkien erabilerearen ingurukoak diranean.

• Bi erakundeak publiketan dituen argitalpenak alkarren artean trukatuko ditue. Era berean, argitalpen-egitasmoak konpartiduko ditue.

• Euskaltzaindiak egoitzea nahiz azpiegiturea erabilteko aukerea eskaintzen deutso Karmeli.

Aitatu helburuak lortzeko, Karmel astekariak eta Euskaltzaindiak Batzorde teknikoa osotuko dabe, erakunde bakotxeko bina kide izango dituana. Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango dau.

Karmel historia luzeko aldizkaria da. Karmengo Argia (1931-1936) aldizkari herrikoia 1951-1956 urteetan egutegi lez agertu zan eta, berriro, aldizkari lez (bihilabetekaria), 1957-1961 aldian. Edozelan be, Espainiako Gobernuak galarazo egin eban 1961. urtean. Aldizkariaren hirugarren aroa 1970ean hasi zan eta gaur arte jarraitzen dau, gizatasunaren eta euskal kulturearen zerbitzuan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu