Klown eta Pailazoen Nazinoarteko Jaialdia egingo da asteburuan Arrigorriagan

Dabi Piedra 2016-05-04 14:33   kulturbiz

Barikuan, maiatzak 6, hasi eta domekara bitartean, 13 konpainiaren ikuskizunek hartuko dabe Arrigorriaga, klown eta pailazoen nazinoarteko jaialdiaren 21. edizinoan. Tartean, lau euskal konpainia izango dira. Publiko guztientzako egitaraua dakarrela dinoe antolatzaileek. Jarduera osogarrien artean, erakusketa bat eta umeentzako jarduerak dagoz.

Barikuan, maiatzak 6, hasi eta domekara bitartean, 13 konpainiaren ikuskizunek hartuko dabe Arrigorriaga, klown eta pailazoen nazinoarteko jaialdiaren 21. edizinoan. Tartean, lau euskal konpainia izango dira. Publiko guztientzako egitaraua dakarrela dinoe antolatzaileek. Jarduera osogarrien artean, erakusketa bat eta umeentzako jarduerak dagoz.

Hiru agertoki nagusi izango ditu jaialdiak aurten: Udaletxearen plazea, Joan 23.a plazea eta udal kiroldegia. Asier Albizua Arrigorriagako alkateak adierazo dauenez, kiroldegiari esker azpiegitura handia behar daben ikuskizunak ekarri leikeez eta, ganera, eguraldiari begira ez da egon beharrik. Ikuskizun guzti-guztiak doban dira.

13 konpainiak parte hartuko dabe 21. ekitaldi honetan. Tartean dagoz lau euskal talde: Rojo Telon, Hortzmuga, Tiritirantes eta Oihulari. Horrezaz gan, Espainiako, Frantziako, Kanadako, Finlandiako eta Japoniako artistak etorriko dira Arrigorriagara.

Lehenengo egunean, barikuan, umeentzako zirku tailerra eratu dabe. Arratsaldean, ostera, hiru konpainiak eskainiko ditue euren ikuskizunak, Udaletxearen plazan. Rojo Telon hirukoteak Soy ellas dakar 18:00etan, Meriko japoniarrak Fire and pole 19:00etan eta Hortzmugak Femmes, 20:00etan.

Barikua egun berezia izango da, euskal konpainia bi egongo diralako, adierazo dau Amagoia Garaizabal jaialdiko zuzendariak. Ganera, emakumeek leku handia hartuko dabe egun horretan: Hiru saioetako artista guzti-guztiak, bat izan ezik, emakumeak izango dira.

Zapatuan, hilak 7, Tiritirantesen A su servicio ikuskizunak zabalduko dau eguna, 12:30ean, eta sei saio egongo dira, 20:30etan Joan Catalak dakarren Pelat-egaz amaituta. Domekan beste bost ikuskizun dagoz programauta, tartean Oihulari Klownen Trostan. Kalidadezko proposamenak dira, apustu segurua egin dogu oraingoan, dino Garaizabalek.

Jarduera osogarrien artean, Ezinen azokea izeneko erakusketea aitagarria da. Kutxa batzuen eta efektu optikoen bidez, esperientzia arraroak biziko ditue bertara joaten diranek, modu ludiko baten. Maiatzaren 8ra arte dago ikusgai, udaletxeko Euskaldun Barrien aretoan.

1995ean sortu zan Arrigorriagako klown eta pailazoen jaialdia. Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariaren esanetan, jaialdia sendotu eta egonkortu egin da urteotan. Bizkaiko kultur hitzorduen artean, ezinbesteko bihurtu da Arrigorriagakoa, Olabarriaren arabera. Artista eta konpainiei plazak emoten, kaleko arteen eskaintza erakargarria sortzen eta bertoko konpainiak bultzatzen lan egiten dau jaialdiak, baina Asier Albizua alkateak dino, helburu nagusia irribarrea ikusleen ezpanetara eroatea dala.

Egitaraua, hemen.

 

Euskal konpainiak Arrigorriagan:

Rojo Telon: Hirukote honek Soy ellas ikuskizuna dakar. Ez dira akrobazia hutsak, badauka istorio bat, poetikotasun bat, adierazo dabe konpainiako kideek. Zeinuen hizkuntzea erabilten dau personaietako batek.

Hortzmuga Teatroa: Oraingoan, Femmes dakar talde honek Arrigorriagara. Edadeko lau emakumeren gorabeherak dira. Emakumeak eta edadekoak izatea nahi izan dogu, horreek protagonista bihurtu, dinoe. Bestelako adierazpide batzuk alboratu eta Antzerkiaren mamina bilatu dabela dinoe.

Tiritirantes: Euskal Herriko eta Gaztelako kideek osotutako konpainia honek A su servicio dakar Arrigorriagara. Zirkua, umorea eta magia batu doguz, dinoe taldekideek. Sasoi bateko ospea eta bezeroak galdu dituan hotel bateko beharginak dira personaiak.

Oihulari Clown: Berba bako antzezlana da Trostan, klown erakoa. Zaldiak dira protagonista eta hezkuntzearen inguruko gogoetea plazaratzen dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu