Gabriel Arestiren 'Harri eta Herri' liburua eten barik irakurriko dabe maiatzaren 22an
2014-05-19 15:06 kulturbizKlasikoen Irakurketa ekimenaren zazpigarren edizinoa egingo da eguenean, Bilboko Arriaga antzokian. Gabriel Aresti idazle bilbotarraren Harri eta Herri poesia liburua izango da protagonistea. Goizeko zortziretan hasi eta arrastiko zortziretan amaituko da eten bako irakurraldia. Mikel Martinez aktoreak abiatuko dau saioa.
Klasikoen Irakurketa ekimenaren zazpigarren edizinoa egingo da eguenean, Bilboko Arriaga antzokian. Gabriel Aresti idazle bilbotarraren Harri eta Herri poesia liburua izango da protagonistea. Goizeko zortziretan hasi eta arrastiko zortziretan amaituko da eten bako irakurraldia. Mikel Martinez aktoreak abiatuko dau saioa.
Ekimenak helburu bi ditu, Bilbo Zaharra euskaltegi antolatzaileko arduradunen esanetan: euskaltegiko ikasleek urtean egindako ahalegina kontuan hartu eta omentzea, eta irakurteko zaletasuna sustatzea. 400 lagunek hartuko dabe parte irakurketan, tartean, Bilboko alkate Ibon Areso eta Bilboko Udaleko, Bizkaiko Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Laboral Kutxako zuzendari nagusia, EHUko eta Deustuko Unibersidadeetako errektoreordeak eta irakasleak, Bilboko ikastetxeetako irakasle eta ikasleak, ostalariak, Gotzaingoko ordezkariak, Andres Urrutia euskaltzainburua, Aitor Elizegi, Toti Martinez de Lezea idazlea, Aitor Mazo eta Loli Astoreka aktoreak eta Anari eta Nacho de Felipe abeslariak.
Aurreko urteetan lez, mundu osoko 15 euskal etxek be hartuko dabe parte irakurraldian. Bideoan grabau ditue aurretiaz euren zatiak, eta Arriaga antzokiaren barruan eta kanpoan ipinitako pantailetan ikusi ahal izango da.
Gabriel Arestiren Harri eta Herri lanaren 50. urteurrena da aurten, hori dala eta ekitaldi berezia antolatuko dabe maiatzaren 20tik 23ra, Arriagako plazan. Bertan karpa bat ipiniko dabe. Besteak beste, erakusketa bat, idazleen berbaldiak, antzezlanak, euskera eta jantza ikastaroak, euskera maratoia eta ipuin kontaketak eskainiko dira.
Maiatzaren 20an, 19:00etan, Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskera, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzi ordezkariak Arriaga Saria eskainiko deutso Gabriel Arestiri. Idazlearen alaba Andere Arestik jasoko dau saria. Egun horretan Gabrielen lekua sentikaria lana antzeztuko dabe.
Beste alde batetik, Bilboko metroan Euskal Klasikoen Irakurketa Jarraituaren ibilbidea jasoko dauen erakusketea izango da ikusgai. Maiatzaren 7tik 15era Portugaleteko geltokian izango da, eta hilaren 16tik 30era Abandon. Alondigan be, sarrerako pantailetan, zuzenean ikusi ahalko da irakurraldia. Eta streaming bidez be ikusiko da EiTBren webgunean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!