Bilbok literaturan eta zineman dauen presentzia ardatz Liburuaren Egunean

Bizkaie! 2014-04-22 17:30   kulturbiz

Apirilaren 23an izango dan Liburuaren Egunagaz bat eginez, aurten, Bilbok literaturan dauen presentziaren ganean gogoetea egiteko aukerea erraztu nahi da Bidabarrietako udal liburutegian antolatuko diran berbaldi bategaz eta erakusketa bategaz.

Apirilaren 23an izango dan Liburuaren Egunagaz bat eginez, aurten, Bilbok literaturan dauen presentziaren ganean gogoetea egiteko aukerea erraztu nahi da Bidabarrietako udal liburutegian antolatuko diran berbaldi bategaz eta erakusketa bategaz.

Lehenengoari Bilbo literaturan izenburua jarri jako, eta 19:30etik aurrera egingo da Bidebarrietako ekitaldi-aretoan. Bizkaiko uriburuan girotutako nobelak Ciudad de los ojos grises (Felix G. Modroño) eta 612 €uro (Jon Arretxe) osotu dituen idazleek Bilbo eszenatoki literariotzat aztertuko dabe. Ekitaldia Txani Rodriguez idazle eta kazetariak aurkeztuko dau, eta edonor sartu ahal izango da, doban, aforoa bete arte.

Felix G. Modroño Bizkaian jaio zan 1965ean. Ipuinak idazten hainbat sari irabazi ondoren, La sangre de los crucificados izenburuko eleberria argitaratu eban, Fernando de Zuñiga detektibearen abenturak batzen dituan lehenengoa. 2012an kaleratu eban La ciudad de los ojos grises lanean, barriz, Alfredo Gastiasororen istorioa kontau eban. Parisen urte batzuk egin ondoren, Gastiasorok Bilbora itzultzea erabagi dau Izarbe, horrenbeste maite izan eban emakumea, hil dala jakin eta berehala. Holan, Alfredok bere iraganari aurre egin beharko deutso, Bilbok ia-ia landatarra izatetik Europako uririk oparoenetako bat izatera igaro zan garaian gertatutako amodio-istorioa gogora ekarriz. Nobela baltza, genero historikoa, kontaketa sentimentala eta bidaia-kontaketearen artean, La ciudad de los ojos grises suspensez eta nostalgiaz betetako istorioa da.

Bilbori egindako omenaldi honetan, uria istorioaren beste protagonista bat da. Iragana gogora ekarteko trebetasun handiz, idazleak XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako Bilbora eroaten gaitu, eta istorioaren korapilo kriminal eta sentimentala atxakia bat besterik ez da Bilbo merkataritza-uria izatetik industria-uria izatera bultzatu eben aldaketa ekonomiko, sozial eta kultural handi guztiak deskribiduteko.

Bestalde, Jon Arretxeren (Basauri, 1963) karrera literarioa euskeraz garatu da gehienbat. 1991n, lehenengo eleberria argitaratu ebanetik, Arretxeren produkzinoak bidaia-literatura eta literatura baltza tartekatu ditu. 2013an kaleratutako 19 kamera Bilboko San Frantzisko auzoan girotutako eleberria da. Egoera irregularrean dagoan Touré izeneko afrikarrak igarle moduan lan egiten dau, eta bizirik irauteko, nahi barik, detektibe bilakatuko da.

Berbaldi-solasaldiagaz batera, Liburuaren Eguneko Bidebarrietako ospakizunean, Bilbok literaturan dauen presentzia islatuko dauen liburu-erakusketa bat be inaugurauko da liburutegian bertan. Erakusketea maiatzaren 31 arte egongo da ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu