2024ko Bertso Eguna Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2024-02-01 13:36   Bertsolaritzea

Urtarrilaren 27an egin zan Bertso Eguna Gernikan.

Urtarrilaren 27an izan zan 2024ko Bertso Eguna Gernikan, beraz, Hitzetik Hortzerak Bertso Egunaren laburpena eskaini nahi dau aste honetan. Horretarako eguneko irudi eta momentu esanguratsuenez gan, hainbat konbidau izango ditue programean.

Batetik, Garriko Bertso Eskolako sortzaileetako bi, Ireneo Ajuria eta Jon Enbeita, alkarrizketauko ditu Mirari Martiarenak. Orain dala 50 urte sortu zan bertso eskoleari buruz egingo dabe berba.

Bestetik Lilibertso bertso eskolako kideekaz be alkartuko da Mirari Gernikako Astran. Aurtengo Bertso Eguneko atontzaile lanetan egon dira Bertsozale Alkarteagaz. Bertso eskoleari buruz eta Bertso Eguna Gernikan egiteko arrazoiari buruz berba egingo dau Koldo Gezuraga eta Janire Arrizabalaga atontzaileakaz.



Gernika-Lumoko eta Tolosako jaialdiak

Astran bazkalostean egindako jaialdiko bertsoaldiak izango dira zapatuko programean: Sustrai Colina, Saioa Alkaiza, Etxahun Lekue eta Maialen Lujanbio ibili ziran kantuan Aitor Etxeberriazarragaren esanetara.

Horrezaz gan, Tolosako Leidorren egin zan Atariaren jaialdiko bertsoak be izango dira. Amaia Agirre izan zan gai-jartzailea eta Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Julio Soto eta Jone Uria bertsolariek kantau eben.

Hitzetik Hortzera, zapatutan 21:00etan ETB1en, eta ondoren, EITB Nahieran atarian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu