Zezeilaren 8an hasiko da Bertsoaroa

Bizkaie! 2024-02-01 09:33   Bertsolaritzea

Guztira, zazpi saio izango dira Iruñeko hainbat tokitan.

XXXIII. Bertsoaroa zezeilaren 8an hasi eta martiaren 1ean amaituko da. Guztira, zazpi saio izango dira, Iruñeko hainbat tokitan. Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei protagonismoa emon nahi deutse atontzaileek. Aurtengo irudia, Dom Campistron Aldudeko ilustratzaile grafiko eta marrazkilariak egin dau.

33. Bertsoaroa, betiko lez, lehen mailako bertso jaialdi bategaz hasiko da. Alaitz Rekondo arduratuko da gaiak erabagi eta jarteaz, eta, horreei kantari ibiliko dira sei bertsolari. Zezeilaren 8an izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00retan. Saioa hasi baino ordu erdi lehenago, 18:30ean, Iruñeko IV: Bertsopaper Lehiaketako sari banaketea egingo da.

Zezeilaren 14an, AMAraun, Amatasunaren inguruko hausnarketa bat dakarren proiektu artistiko barritzailea aurkeztuko dabe Oihana Iguaran bertsolariak eta Amaiur Luluaga jantzariak. Istorio bat kontauko deuskue eskura dauan lengoaia erabiliz: musikea, gorputzea, ahotsea, berbea, espazioa eta eszenea. Antzerki Eskolan izango da 19:00retan.

Zapatuan, zezeilak 17an, Sanduzelaiko Civivoxean, Bertso Jasa, bat-bateko jolasa bertso-saioa eskainiko da, gaztetxoei zuzendua. Olgeta eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proponiduten joango dira, eta modu horretan, bertsoa osotuko dabe bertsolari bik. 8 eta 12 urte arteko umeentzako tailerra da (izen-emotea nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita edo 948143747 telefonora deituta), zezeilaren 15a baino lehen.

Zezeilaren 22an, bigarren bertso jaialdia izango da. Biharamunean, zezeilaren 23an hain zuzen be, LABAn, bertsolari gazteen saioa izango da. Bertsolaritzearen oraina eta etorkizuna diranei, kantetan segiduteko aukerea emongo deutse saio horretan.

Zezeilaren 28an, barriz, saio berezia izango da, izan be, Consonnik argitarautako Zirriborroak eta gero ipuin bildumea oinarri hartuta, bertso saio espekulatibo futuristea egingo da. Maite Berriozabalek jarriko ditu gaiak eta Miren Amuriza, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga izango dira kantuan. Antzerki Eskolan izango da 19:00retan.

Jaialdiari amaiera bikaina emoteko, bertso afaria atondu dabe Geltokin. Sarrerak 28 euroan dagoz hemen eta menua bertan konsultau daiteke.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu