Euskal sortzaileen lan baldintzak Hitzetik Hortzeran

Bizkaie! 2024-01-25 13:21   Bertsolaritzea

Amagoia Gurrutxaga Lanarteako koordinatzailea alkarrizketatuko dabe.

Lanartea Euskerearen Langile Profesionalen Alkartea da. 2019an hasi ziran sortzeko lehen pausoak emoten, eta gaur egun, koordinatzaile lanetan dabil Amagoia Gurrutxaga. Bera izango da asteko Hitzetik Hortzerako konbidadua eta euskal sortzaileen eta interpreteen lan baldintzei buruz berba egiteko alkartuko da Mirari Martiarena aurkezleagaz.

Jentearen uste handienetako bat da, euskal sortzaileak oparotasunean bizi dirala, baina 2020ko pandemiak agirian itxi eban euren zaurgarritasuna. Sektorearen egoereari errepareteaz gan, zama administratiboei buruz be egingo dau berba Amagoia Gurrutxagak, baita modu duin batean biziteko dituen zailtasunei buruz be.

Euskal sortzaileak Espainiako eta Frantziako administrazinoetan dagoz banatuta; beraz, ardura administratibo ugari ditue. Hego Euskal Herrian ganera, Eusko Jaurlaritzeak, Nafarroako Foru Gobernuak eta beste erakunde batzuen eskakizunei erantzun behar izaten deutsela adierazoko dau Amagoiak. Espainian sortzen dabizen artisten estatutuari buruz be egingo dabe berba.

Gaur egun Lanarteako koordinatzaileak, kazetari bezela bide luze eta oparoa egin dau Euskaldunon Egunkarian eta Berrian. Tartean bertso kronikak idatzi ditu eta langintza horren zirrikituei buruz galdetuko deutso Mirarik.

Hendaiako eta Tolosako jaialdiak

Hendaian Harrera eta Balea alkarteek alkarlanean atondutako jaialdietako bertsoaldiak entzuteko aukerea izango da asteon. Maddalen Arzallusek egin zituan gai-jartzaile lanak eta bertsotan ibili ziran Alaia Martin, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Unai Iturriaga.

Tolosan, barriz, Leidor Antzokian Ataria bertso jaialdia egin zan. Aitor Mendiluze, Amets Arzallus, Jone Uria, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariek kantau eben.

Hitzetik Hortzera, zapatuan, 27an, gaueko 21:00etan, ETB1en, eta ondoren, EITB Nahieran atarian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu