Hitzetik Hortzera errubera biren gainean

Bizkaie! 2024-01-12 07:59   Bertsolaritzea

Ion Izagirre txirrindularia alkarrizketatuko dau Mirari Martiarenak asteon.

Ion Izagirre eta Mirari Martiarena | Ikusi handiago | Argazki originala





Etxetik jatorko txirrindularitzeagazko zaletasuna Ion Izagirreri; Gorka anaiagaz batera egin dau bizikleta gaineko ibilbidea. Munduko hainbat lekutako lasterketetan parte hartu dau Ion Izagirrek, baina berezienak etxekoak dira berarentzat. Azken Frantziako Tourrari buruz be egingo dabe berba, besteak beste, Ionek eta Mirarik. Euskal Herrian hastea berezia izan zan Izagirrerentzat eta bereziagoa izan zan 13.egunean etapea irabaztea. Euskal txirrindularitzearen etorkizunaz eta gaur egun gazteek dituen aukerak be jorratuko ditue.

Bertsoaldiei jagokenez, Amurrioko eta Elgoibarko bertso jaialdiak eskainiko dira zapatuan, gauenko 21:00etan, ETB1en (EITB Nahieran). Goierrira egingo dabe bueltea aste honetan Hitzetik Hortzerako lagunek; Ion Izagirre txirrindulariagaz batuko dira haren herrian, Ormaiztegin. Txirrindulari profesionala eta bertsozalea da Izagirre. Negu gorrian, 2024ko denporaldia buruan dauela eta entrenamendu saioakaz hasita harrapau dabe.

Bertsozale gaztetxuak

Urte barriagaz batera atal barria be badakar Hitzetik Hortzerak. Euskal Herriko bost bertso-eskoletako gaztetxuei bertsolaritzeari buruzko galderak egin jakez eta euren hausnarketak eta erantzunak ikusi ahal izango ditugu: Alegia, Arantza, Azkain, Gasteiz eta Igorreko gaztetxuek hartu dabe parte.

Amurrioko eta Elgoibarko jaialdiak

Gabonen bueltan bertso jaialdi asko egiten dira Euskal Herrian eta urteroko hitzorduetako bi izaten dira Amurrion eta Elgoibarren; herri bi horreetako bertsoaldiak eskainiko ditue aste honetako programan.

Amurrion urtea hasteagaz batera egiten da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalisten saioa. Irati Andak egin zituan gai-jartzaile lanak eta kantuan ibili ziran Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Julio Soto, Maialen Lujanbio eta Sustrai Colina. Elgoibarren Maite Berriozabalen esanetara ibili ziran Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Onintza Enbeita eta Sustrai Colina.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu