Hitzetik Hortzera Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean

Bizkaie! 2023-11-29 13:53   Bertsolaritzea

Abenduaren 2an Nafarroako Finala zuzenean emongo dabe ETB4n.

Zortzi finalistak. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala jokatuko da abenduaren 2an Iruñeko Anaitasuna Kiroldegian. Bertan izango dira kantuan Eneko Lazkoz, Joanes Illarregi, Josu Sanjurjo, Julio Soto, Saats Karasatorre, Saioa Alkaiza, Sarai Robles eta Xabat Illarregi. Finala zuzenean ikusteko aukerea izango da ETBn, arratsaldeko 16:45etik aurrera eta ETB4n jarraitu ahal izango da Anaitasunako saioa, Ilaski Serranok aurkeztutako programa berezian. Ilaskik alboan izango dau Aimar Karrika bertsolaria, saioaren analisia egiteko.

Ondoren, 21:00etatik 22:00etara, ETB1en saioaren amaierea eskainiko da, buruz burukora heldu diran bertsolarien arteko saioa.

Txapeldunagaz alkarrizketea

Finalaren biharamunean, abenduaren 3an, domekan, Hitzetik Hortzera berezia izango da 15:00etan ETB1n. Anaitasunako bertsoaldiak eta Mirari Martiarenak txapeldunari egindako alkarrizketea ikusteko aukerea izango da.

Finalak beti dira bereziak, bai bertsozaleentzat baita bertsolarientzat be. Zortzi bertsolariek eskarmentua dabe plazan eta txapelketan. Julio Soto da Nafarroako finaletan eskarmentu gehien dauen bertsolaria, izan be, hamaikagarren finala dau Gorritikoak eta bost alditan izan da txapelduna. Eneko Lazkozek zortzigarren finala dau aurten; hiru aldiz heldu da buruz burukora Etxarrikoa. Joanes Illarregi eta Xabat Illarregi hirugarrenez izango dira finalean. Saioa Alkaiza da gaur egungo txapelduna eta bigarren finala dau zapatuko iruindarrak; Josu Sanjurjok be bigarrena dau. Lehenengo aldiz izango dira finalean Saats Karasatorre etxarriarra eta Sarai Robles barañaindarra.

Alaitz Rekondok jantziko dio txapela aurtengo Nafarroako txapeldunari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu