Olatz Urkia: 'Nobelearen oinarria da Moskuko detailetxuak batzeko beharra'

Dabi Piedra 2023-01-23 08:02   Barriketan

Kazetari eta idazlea.

Ogibidez kazetaria da Olatz Urkia donostiarra, baina betidanik izan dau literaturea idazteko asmoa. Zazpi urteko lan luzearen ostean, azkenik argitaratu dau lehenengo liburua, El búho de Ravel (Txalaparta), Donostian eta Moskun kokatutako nobelea. Joane protagonistearen eta Urkiaren izakerak ez dira antzekoak, baina beste elementu asko estu lotuta dagoz autorearen bizipenei, batez be, musikea eta Mosku uriko erreferentziak.

Krimean eta Moskun bost urtez bizi izan zanez, arrasto sakona itxi eutsan Errusiako kultureak Urkiari. Gaur egun Txinako uriburu Beijingen bizi da, EITBren barriemolea da. Donostiara oporretan etorri dala aprobetxauta aurkeztu dau El búho de Ravel. Kontau deuskunez, Moskun egoala idatzi eban kontakizunaren zirriborroa, baina behin betiko bersinoa desbardina da, urteotan personaien izakeran sakontzen ibili dalako.

1.- Mosku eta Donostia artean kokatu dozu istorioa, ondo ezagutzen dozuzan leku bi. Joane personaia nagusiaz gan, lekuak dira nobelako protagonistak?

Moskun urte biz bizi izan nintzan, baina lehenago beste hiru urtez Krimean; horregaitik, kultura errusiarrean sartuta egin nebazan bost urte, urte garrantzitsuak izan ziran niretzat. Ganera, nobela hau Moskun bizi nintzanean idatzi neban, uriak presentzia handia dau, batez be, Moskuko neguak. Honen guztiaren oinarria da hango detailetxuak batzeko beharra. Ez dira agertzen bost urtean ikusi nebazan gauzen % 10 be, baina badagoz nire etxeetako helbideak, ikusitako hegaztiak, lakuak...

2.- Ze arrasto itxi dabe zugan Moskuk eta Errusiako kultureak?

Uste dot oraindino ez dodala guztiz ondo ulertzen hangoa, bost urte ez dira nahikoa! 22 edo 23 urtegaz joan nintzan hara, eta sekulako talka kulturala izan zan, batez be Krimean: Mosku uri handiagoa da eta danetarik dago, baina Krimeako herri txiki batean atzerritar bakarra neu nintzan, ia inork ez eban ingelesez berba egiten. Asko aldatu ninduan esperientzia harek. Jentearen aldetik, danetarikoa ezagutu neban; adibidez, irakasle batzukaz hartu-emon sendoak egin nebazan, etxean modura hartzen zaituan jentea dalako. Baina beste batzuk itxiagoak dira, nire hango irakasle askori ezin deutset esan nire bikotekidea neskea dala, ez leukielako ulertuko ez onartuko. Gauza onak eta txarrak ditu Errusiako kultureak, baina niretzat esperientzia positiboa izan zan.

3.- Orain Txinan bizi zara. Errusiako talka kulturala barriro bizi izan zenduan Txinara joatean?

Bai, Txinagaz kontraste handiagoa sumatu neban hasieran, baina zazpi urte daroadaz han eta uste dot orain Txina hobeto ezagutzen dodala Errusia baino. Persona gehiago ezagutu dodaz Txinan, baita hareen familiak eta lagunak be, edegiagoak dira. Badaukadaz lagun min errusiarrak be, baina deigarria da gehienak Beijingen ezagutu dodazala. Kontraste handia da Txinara joatea, asko aldatu nau, baina esango neuke errazagoa izan dala dana.

4- Errusia eta Txina diferenteak dira geugaz konparauta, baina egiten dogu ahalegin nahikoa hango benetako errealidadea ezagutzeko?

Begitantzen jat hemen gizabakotu egiten doguzala hangoak, danak zaku berean sartuta. Errusiar guztiek vodka edaten dabela eta gaiztoak dirala pentsetan dogu eta txinatarrak danak bardinak dirala eta Alderdi Komunisteak esaten deutsen guztia egiten dabela. Jentea ez da konturatzen halako aurreretxiak barru-barruan sartuta daukazala, ni hona etorten nazan bakotxeak komentario zatarrak egiten deustez, txinatarrak zikinak dirala, esanekoak... 1.400 miloe persona bizi dira eta danak ezin dira zaku berean sartu. Danok dogu gehiagotasun konplejua, gehiago edo gitxiago, eta ez gara biziteko beste modu batzuk ulertzen ahalegintzen.

5.- Azkenaldion, batez be Ukrainako gerreagaitik, gehiago agertzen dira medioetan Txina eta Errusia. Zuk aitatutako aurreretxiek okerrera egin dabe?

Uste dot lehengo antzera dala, baina gaur egungo egoeran argitara urten dabe halako jarrera negatibo askok. Komunikabideetan bai, ikusi dot ez dala kontakizun neutroa egiten, titularrak beti dagoz gehiegikeriaz beteta. Ukrainako gerrea gauza ikaragarria da, eta hori kontau egin behar da, baina batzuetan muturrera jo izan da. Esate baterako, gerrea hasi zanean idealizau egin zan Zelenski. Txinaren kasuan, sinofobia txar-txarra agertu zan pandemia hasi zanean. Europan jente askok ez eban txinatarren dendetan sartu nahi, Asiako jenteagandik urruntzeko jokerea ikusi zan. Txina pandemiaren errudun egin eta gero, hango gobernua neurri zorrotzak hartzen hasi zanean birusa geratzeko, esaten zana zan giza eskubideak ez zirala errespetetan, ez zan bape enpatiarik egon txinatarrakaz. Konfinamendu eta arau zorrotzak sufridu ditue txinatarrek oraintsu arte, eta diskurso dramatikoa erabili da Txinaren irudi distopiko eta negatiboa zabaltzeko.

6.- Lekuek, batez be Moskuk, pisu handia dabe kontaketan, baina badagoz beste elementu aitagarri batzuk be. Esaterako, musikea.

Duda barik, protagonista nagusietako bat da musikea. Nik txikitatik jo nahi izan dot pianoa, baina berandu hasi nintzan, 22 urtegaz; hain zuzen be, Krimeara joan nintzanean. Ikaslea nintzanez, batzuetan bost ordu be egiten nebazan egunean pianoa joten. Irakasle oso on bat euki neban, errusiarra. Niretzat zaletasuna besterik ez dan arren, nobelan gogoeta bat sartu nahi izan dot konpositoreen eta estiloen inguruan, Joane protagonistearen bidez. Prozesu baten modukoa bizi dau Joanek kontakizunean: hasieran arazoak ditu [Johann Sebastian] Bach-egaz eta musika barrokoagaz, baina bizitzan pasau dauen guztiaren ondoren, aldatu egiten dau perspektibea.

7.- Aurkezpenean aitatu zenduan Joane protagonistea eta zu ezbardinak zariela, ez dala kontakizun autobiografikoa. Zelakoa da, hortaz, Joane?

Batzuetan esaten dot Joane ez jatala bape gustetan, ez nazala beragaz ondo konpontzen. Beharbada, urte asko pasau dodazanez nobela hau egiten, pixka bat nazkatu naz personaiaz. Egia da nigaz ez dauela zerikusirik, baina badaukaz gauza onak, adibidez, ez da bape guzurtia eta sentiduten dauena egiten dau, azpijoko barik. Ganera, lotura sendoa dau musikeagaz, errespetau egiten ditu musikaren inguruan dabizan persona guztiak. Esango neuke izakera bat dauela musikearen alorrean eta beste bat, oso diferentea, beste giro batzuetan. Musikatik kanpo ume baten modukoa da, bere munduan oso sartua eta enpatia lantzean behin baino ez dau agertzen, persona hotza da. Ganera, Joane Errusian jaioa da, txikitan Euskal Herrian bizi izatera etorria, eta shock kultural horrek be isolamendura eroan dau.

8.- Alderdi psikologikoan lanketa sakona ekarri deutsu Joaneren personaiak?

Bai. Istorioa, berez, atxakia bat da personaia batzuk sortu eta euren psikologian sakontzeko. Joaneren kasuan, luzaroan landutako personaia da: hasieran sakontasun psikologiko gitxiagokoa zan eta urteetan joan naz detaile gehiago sartzen, erakusteko ertz askodun personea dala.

9.- Moskuko egonaldian idatzi zenduan nobelea, pasau dira urte batzuk. Argitaratu arteko denporea luze egin jatzu?

Hasierako zirriborroa nahiko bizkor idatzi neban, Moskun bertan. Eskema bat egina neukan eta behin idazten hasita, hiru hilean amaitu neban. Azkenean, zirriborroak eta behin betiko bersinoak ez daukie alkarregaz zerikusirik. Urte batzuez baztertuta be izan neban proiektua eta azken urte biotan heldu deutsat barriro. Hortaz, bai, prozesua luze-luzea egin jat, krisi batzuk izan dodaz. Ni neu be, idazten hasi nintzanean beste persona bat nintzan, orain dala zazpi urte. Horregaitik, hasierako zirriborroko parte asko ez jatazan gustetan gero, eta ez nekian zer egin, eskerrak lagunek animau egin ninduela, amaitu behar nebala esanez. Ganera, neuk be amaitzeko gogoa neukan, bestela ezinezkoa egingo jatalako beste zeozertan hastea. Bururako zama handia bihurtu zan momentu batzuetan. Hori bai, behin argitaratzeko orduan, Txalaparta argitaletxeagaz dana ondo-ondo joan da eta oso pozik nago. Txikitatik idatzi nahi izan dot, hau lortzea ikaragarrizko poztasuna da.

10.- Kalean da El búho de Ravel. Hurrengo proiektu literarioa buruan daukazu?

Txinan kokatutako zeozer idatzi nahi dot. Lehen aitatu dodazan estereotipoen kontu hori guztia, zelan edo halan, eleberri baten bidez lantzea da asmoa, aurreretxiak apurtzeko. Hasi naz ideak batzen, baina oraindino ez daukat argi, urteak beharko dodaz forma zehatza emoteko, nik gauzak astiro egiten dodaz.

11.- Lanbidez kazetaria zara, Txinan barriemole. Han luzaroan segitzeko asmoa dozu?

Oraingoz bai, Txinan jarraituko dot urteetan. Ez dot neure burua ikusten orain Euskal Herrira bueltetan. Egia esan, hilebete egin dot Euskal Herrian oporretan, eta Txinara joateko bape gogorik ez daukat. Hemen gustura nago, bizitza kalidadea oso ona da. Baina Beijingen be gustura nago! Kontua da leku biak oso diferenteak dirala. Momentuz ez, baina egunen batean Euskal Herrira bueltauko naz, jakina.

Argazkiak: Txalaparta, Olatz Urkia eta Gaztezulo.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu