Andere Arrizabalaga: 'Gazteak jantzan jarraitzea da geure erronkea'

Andoni Mugica Lopez 2024-04-29 07:55   Barriketan

Arantzarte Jantza Taldeak 50 urte bete ditu aurten; mende erdi jantzan, euskal musikea eta folklorea erakusten.

Dagoeneko ikusgai dago 50 urteen errepasoa egiten dauen erakusketea, Igorreko Kultur Etxean maiatzaren 8ra arte. Ganera, maiatzaren 24ko asteburuan, jaialdi itzela atondu dabe Igorreko kaleetan.

Kontuak kontu, Arantzartek mende erdi bete dau eta bertako kide dan Andere Arrizabalagaz alkartu gara taldearen nondik norakoak jakiteko.

 

1.- Zorionak, Arantzarte Jantza Taldeak 50 urte bete ditualako. Mende erdi jantzea, musikea zein folklorea bizi eta munduan zehar erakusten. Sorrerako esentziari eta filosofiari eusten jarraitzen deutso?  

Bai. Arantzarte Jantza taldea 1974. urtean sortu zan. Juan Antonio Menika Juanti izan zan sortzaileetako bat, gaur egun bertan jarraitzen dauana. Arantzazu eta Arteako parrokoa zan aita Juan Josek emon eutsan hasierea taldeari, izan be, Arratian jantza talde baten beharra egoala ikusita, parrokoak Juantigaz alkarlanean,  egungo jantza taldea sortu eben. Hainbat personek hartu eben parte proiektuan, batez be, Arteako eta Arantzazuko gazteak.

Hasierean oso markauta egozan gizonen eta andren arteko rolak, jantzea eta dana. Beraz, momentu haretan, oso modu tradizinonalean egiten zan jantzan. Gero, egia da, urteen joan etorriakaz, gizarteak eraldaketak jasan izan dituan neurrian, jantza taldeak be jasan ditu bereak. Gaur egungo jantza taldeak, hasierako euskal zaletazunari eta euskal kultureari, oinarri hari eusten deutse, baina era berean, aldaketak ugari izan dira, besteak beste, partaideok jantzariak gara, emakume zein gizon. Beraz, gaur egun danontzako jantzak dagoz, ez dogu egiten genero bereizketarik jantza eta erropearen artean. Halanda ze, hori da barrikuntza handienetarikoa.

Hori bai, euskal kulturea, folklorea eta hizkuntzea hasieratik oso barruratuta doguzan oinarriak dira.

2.- Zelakoak dira jantza taldearen tripak, azpiegiturea?

Jantza taldeak azpiegitura horizontala dauka, direktibea deitzen deutsagun talde bat dago, izan be, alkarte bat gara, estatuto batzuk dagoz eta legeak holan eskatzen dau. Beraz, zuzendaritzan, presidentea, diruzaina eta idazkaria dagoz. Horreezaz gan, barreka esaten dogu, baina presidente emeritoa be badogu: Juanti. Protokoloetan eta hartzen dau parte, gustuko hartzen ditu lan horreek, izan be, plaza gizona da.

Gero, egia esan, ekitaldietan erabili behar doguzan erropak, egin beharreko jantzak edo lekuak eta holako gauzak asanbladan erabagiten doguz. Beraz, gauza asko danon artean erabagiten doguz.

3.- Zeintzuk izan dira taldearen momentu onenak? Zer nabarmenduko zeunke taldearen inguruan?

Jantza taldearen parte izateaz gan, neurri handi baten lagunak gara. Jantza taldea bera, bizimodu personalera be eroaten dogu, izan be, eskursino asko egiten doguz batera; mendira, piraguan ibiltera, asteburu pasa eta parrandan be joaten gara batzuetan [Barreak]. Holako ekintzakaz, taldea indartzen dogu.

Egia da, azken urteetan, pandemia medio, gitxitabn egin doguzala, baina taldearen ezaugarri be bada. Egon zan garaia ibilalditxu asko egiten genduzala bai Euskal Herri mailan, baita estadu eta mundu mailan be. Kanpora urtetea ez da erraza, izan be, lan asko eta kudeaketa zorrotza eskatzen deusku dana ondo urten deian. Baina behin kanpoan, sortzen diran konbibentziak, anekdotak eta hartu-emonak oso aberasgarriak izaten dira.

Horrezaz gan, egin doguzen topaketak be nabarmenduko neunkez. Azken urteetan, hiru-lau topaketa egin doguz, potoloena orain dala 6 urte inguru, Polonia eta Kolonbiako talde bi etorri ziran eta igaz esaterako, Tenerifeko jantza talde bat ekarri genduan. Neri, udalekuetan egongo banintz lako sensazinoa transmitiduten deust. Oso ondo pasetan dot.

4.- Zelan ikusten dozue etorkizuna? 50 urte gehiago egiteko asmoz?

Espero dot baietz. Oso ondo pasetan dogu jantzan. Orain, 50. urteurreneko jaien antolakuntzan, apur bat kantsauta nago [Barreak], izan be, lan asko da. Baina, gustuko dot eta horregaitik nago bertan.

Asko maite dot jantza taldea eta oso ondo pasetan dot bertan. Beraz, ilusino handiz hartuko neuke Arantzarte Jantza Taldeak beste 50 urte betetea.

5.- Gazteei jagokenez, antzemoten  dozue jantzearen aurreko konpromisorik belaunaldi barrien artean?

Gatx ikusten dot. Egia da taldean orain momentuan 70-80 ume bueltan dagozala, 7 eta 15 urte bitartekoak. Behin urte horrek pasauta, ustez geugaz jantzan egitera pasauko litxatekez, baina ez dira pasetan. Egia da, pandemia garaian ez zala izan erraza, baina asko kostetan jaku gazteek salto hori emotea.

Izan be, gazteek edade tarte horretan, kalera lagunakaz urteten hasten diranean, jantza taldea beste alde batera ixten dabe. Beraz, gazteak jantzan jarraitzea da geure erronka nagusietako bat. Ia bueltea emoten deutsagun.  

6.- Neska eta mutilen artean badago orekarik?  

Ez, ez dago ezelako orekarik neska eta mutilen artean. Lehen aitatu dodan lez, hasieran, jantza batzuk baino ez zituen egiten mutilek eta beste batzuk neskek, esaterako, mutilen jantza ezagunena, Bizkaiko Jantzari Jantzea da eta bertan, zortzi mutilek hartzen dabe parte.

Gaur egun, taldean, ez dagoz zortzi mutil, beraz talde bezela erabagi bat hartu genduan; neskok be parte hartzea mutilen jantzetan.

Halanda ze, segidu egin behar dogu jantza horreek egiten; era tradizinonalean ezin bada be, era mistoan egiteko aukerea dago. Holan, ez dira desagertuko. Igaz UIsurbilera konbidau gintuan jantzan egitera eta talde bezela, lehen urtea izan zan, zortzi neskak jantzau genduala Jantzari Jantza. Prakakaz jantzita, estetikea gehiago gustettan eta. Hori egin, edo galdu egingo zan.

Neskak ez doguz sobran, baina mutilak dagoz faltan.

7.- 50. urteurrena ospatzeko, maiatzaren 24-26ko astegoienena ospakizun jai berezia egingo dozue Igorren. Badago jakiterik zer atondu dozuen?

Bai, ondokoa da atondu dogun asteburua:

  • Maiatzaren 24ean, gaueko 09:30ean hasiko dira jaiak txupinazo bategaz eta horren ostean, jantza emonaldia egingo dogu. Bertan, Arantzarte Jantza Taldeko bost taldeek hartu dabe parte; guk deitzen doguzen Viejas glorias-ak [Barreak], hau da, sortzaileak; beteranoak, jantza taldearen parte izan ziranak; ikastaroko jantzariak; umeak; eta azkenik, taldean aktibo garenok.
  • Maiatzaren 25ean kalejirea egingo dogu Igorreko Bizi Igorre 2030 alkarteagaz, goizeko 11:30ean. Eguerdian, herri bazkaria atondu dogu nahi dauanarentzat. Horren ostean, txarangea egongo da herrian zehar eta gauean, 10:30etatik aurrera kontzertuak izango dira: Gozategi eta erromeria bat.
  • Maiatzaren 26an, 10:30etatik aurrera azokea atondu dogu; bertan, Igorreko eta Arratiako artisauak, nekazariak eta abeltzainak izango dira. Jaiagaz amaitzeko, herri kirolen erakustaldia eta Zanpanzar taldearen txarangea egongo dira. Beraz, asteburu itzela daukagu aurretik.

9.- Horrezaz gan, taldearen erakusketea dago ikusgai Igorreko Kultur Etxean aprilaren 22tik maiatzaren 8ra, 9:00-14:00 eta 16:30-20:45 ordutegian. Zer ikusiko dogu bertan? 

Bai. Alde batetik, jantzetan erabili doguzan erropak ikusteko aukerea egongo da, umeenak eta helduenak, eta bestetik, erabilten doguzan materialak dagoz: kaxarrankea, arraunak edo zintak.

Horreezaz gan, 50 urteetan zehar jaso doguzan opariak eta argazkiak ikusgai egongo dira. Animau!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu