Martxan da aurten be perretxikoak identifiketako udal zerbitzua

Bizkaie! 2022-10-17 12:46   Jan edanak

Osasun eta Konsumo Sailak eskainitako zerbitzua perretxikozaleek asko estimetan dabe.

Aurten, barritasuna da perretxikoak identifiketako zerbitzua Osasun eta Konsumo Saileko bulegoetan emongo dala (Kristo kalea 1, 5. pisua). Arretarako ordutegia 09:30-13:30 izango da, urriaren 17an eta 24an eta, zemendiaren 2an, 7an, 14an, 21ean eta 28an.

Udagoienero legez, Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Sailak Perretxikoak Identifiketako Zerbitzua aktibau dau, perretxikozaleen konsultak doban erantzuteko.

Zerbitzuaren zereginen artean dagoz batutako perretxikoak jateko modukoak diran ala ez egiaztatzea —eta, holan, intoxikazinoak ebiteteko— eta perretxikozaletasunari lotutako dudak argitzea.

Bilboko Udalaren Osasun eta Konsumo Sailak udazkenero abiarazten du doako zerbitzu hau, pozoitsuak izan daitekezan perretxikoek osasunean eragin ditzaketen kalteak ahalik eta gehien txikitzeko.

Yolanda Díez Bilboko Udaleko alkateorde eta Osasun eta Konsumoko zinegotziak eta Álvaro Chirapozu Elikagaien Ikuskaritzako eta Zoonosiko Sekzinoko buruak aurkeztu dabe zerbitzua: Igaz, 57 lagunen 130 konsulta izan ziran; eta, 2020an, 56 erabiltzaileren 165 konsulta jaso ziran.

Gomendioak

Ahal dela, komenidu da perretxikoak batu dituana bera hurreratzea zerbitzura, ingurunebari eta habitatari buruzko zehaztasunak emon daizan. Era berean, komenidu da batutakoo perretxiko mueta bakotxaren ale bat baino gehiago eroatea (zurtoina osorik dabela, ebagi barik), beste espezieetakoakaz nahastau barik.

Gainera, Bilboko Udaleko Osasun eta Konsumo Sailak zaleei gogorarazoten deutse hazita eta osasuntsu (zizare barik) dagozan aleak baino ez dirala jaso behar. Bestalde, komenidu da konsulta perretxikoak batu eta ahalik arinen egitea (egun bi, gehien jota) eta batutakoa plastikozko boltsetatik kanpo gordetea, zabal-zabal jarrita, hozkailuaren beheko aldean, trapu garbi eta siku batez estalita.

Ez da komenidu perretxikoak garbitzea ez izoztea identifikau aurretik, berezko usaina eta kolorea galtzen dabelako; eta ez dira ontzi berean perretxiko desbardinak nahastu behar.

Bilboko Udalaren Osasun eta Konsumo sailak herritarrak animetan ditu zerbitzua erabili deien eta jaso dituen perretxikoen gaineko duda guztien gaineko azalpenak eskatu deiezan. Horrezaz gain, perretxikoak jaten dituenei gogorarazoten deutse ondoeza igarri ezkero, osasun-larrialdietara jo behar dabela, berehala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu