Guía Repsol-eko Eguzki Bat jaso daben beste hamaika jatetxe ditu Euskadik

Bizkaie! 2020-02-25 08:05   Jan edanak

Casa Garras eta Porrue jatetxeak dira zerrendan sartu diran Bizkaiko ordezkariak.

Porrue-ko Unai Campo | Ikusi handiago | Argazki originala

Gaurtik aurrera, Guía Repsoleko Eguzki Bat jaso daben beste hamaika jatetxe ditu Euskadik: Arrea!, Bailara, Bodega Katxiña, Casa Garras, Casa Julián, Félix Manso Ibarla, Galerna Jan-Edan, Iraeta, Kirkilla Enea, Porrue eta Ganbara jatetxeak, Guía Repsol-ek Estadu osoan lehen aldiz Eguzki Bategaz saritu dituan 77 jatetxeen artean.

Lurraldeen arabera, Gipuzkoa dago lehen postuan jatetxe kopuruari jagokonez: guztira zortzi jatetxe sartu baitira zerrendan. Tolosaldean, Enrique Fleischmann sukaldariaren Bailara jatetxeak sukaldaritza sinplea eta zintzoa eskaintzen dau Bidania-Goiatzen. Erabilten dituan produktuak hautatzean beti errespetetan ditu usaina, gustoa eta forma naturalak. Eta Tolosatik, Razvan Pislaruk eta Matías Gorrotxategik 1954. urterako bidaia eskaintzen dabe Casa Julián jatetxean. Jatetxearen karta labur-laburra baina plater klasikoei eutsiz; gainera, espezialidade handi bi dagoz kartan: zahar-txuletoia eta pikillo piper konfitatuak.

Zestoan, Jon Goikoetxearen Iraeta jatetxeak euskal sukaldaritza tradizionala eskaintzen dau. Ehun urte baino gehiago dira jatetxe horrek filosofia horri eusten deutsona, orain laugarren belaunaldia buru dala: produktua sagradua da eta sasoia bokazino. Eta Gipuzkoko beste aldean, Irunen, Felix Manso Ibarla jatetxean, Xabier Izaguirre Alza sukaldariak lurra, tradizinoa eta euskal kulturea ditue ardatz. Jatetxe horretan bere sukaldaritza-unibersoa zabaltzen jakin izan dau, bost kontinenteen gaineko jakin-minari esker eta, batez be, Asiako gusto berezien gaineko jakin-minari esker.

Horreez gan, kostaldeko jatetxe bi sartu dira zerrendan: Iñaki Zendoia sukaldariaren Bodega Katxiña jatetxea leku aproposa da Orio arrantzale-herriaren gustoakaz ezin hobeto buztartzen dan benetako Katxiña txakolina probetako; eta Xabier Zabalaren Kirkilla Enea jatetxea, euskal sukaldaritzearen eta sukaldaritzako abangoardiaren arteko orekea dituan Zarauzko jatetxe familiarra, inspirazinoa nagusi.

Eta Guía Repsol Eguzkiak 2020ko ekitaldi hau hartzen dauen uriaren ordezkaritzan jatetxe bi: batetik, Galerna Jan-Edan, Donostiako Zurriola hondartzearen aurrean, Rebeca Barainca eta Jorge Asenjo sukaldariek ortuari-produktore txikien aldeko apustua egiten dabe, baita arrautzarik onenen, okela bikainen eta lonjako arrain freskoen aldeko apustua be; bestetik, Amari Ortuzar sukaldariaren Ganbara tabernea, urian pintxoak eskaintzen dituana tabernako barra zaharrean.

Bestalde, Casa Garras eta Porrue jatetxeak dira zerrendan sartu diran Bizkaiko ordezkariak. Txema Llamosas sukaldariaren Casa Garras jatetxea Karrantzako haranean dago. Familiaren hirugarren belaunaldiak gidatzen dau Enkarterrin harrera ona dauen negozio txiki hori, erreferentziazko jatetxeen artean kokatu dana, bai errezeta tradizionalenetarako, bai sasoiko plateren sormen handiko bersinoetarako. Eta Bilbon, barriz, Unai Campok platerak lantzen ditu, gustoen konektibidadea galdu barik eta Porru jatetxeak euskal sukaldaritzearen sustraiei errespetua galdu barik.

Euskadin hautatutako beste jatetxeetako bat Edorta Lamo sukaldariaren Arrea! jatetxea da. Kanpezun dagoan jatetxe honek, Araba ordezkatzen dau 2020an Eguzkia irabazi dabenen zerrendan.

Horreekaz danakaz, Euskadik 56 jatetxe ditu Guía Repsol-en zerrendan: 8 Hiru Eguzkigaz, 16 Eguzki Bigaz eta 32 Eguzki Bategaz. Gainera, Estaduan Hiru Eguzkiko jatetxe gehien dituan bigarren lurraldea da, Kataluniaren atzetik.

Guía Repsol-ek 2020. urteari hasierea emoteko, Eguzki sari barriak emon ditu eta, bigarren urtez jarraian, Donostian, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren eskutik. Gastronomiaren ekitaldi handia bart izan da San Telmo Museoan eta, bertan, 400 persona baino gehiago batu dira, sukaldariak eta gastronomiaren eta erakundeen arloko gonbidatuak tarteko.

Ekitaldian, Sonia Perez Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eta Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak berba egin dabe eta azken horrek esan dauenez, sukaldariak aitzindariak izan dira jasangarritasunean, inguruneaz elikatu baitira eta lurraldea eta produktuen jatorria balioetsi dabe. Repsol konpainian euren ikuspegia konpartiduten dogu, baita etorkizunaren eta klimaren gaineko ardurea be. Sektoreko lehen konpainia izango gara 2050ean 0 emisino lortzen eta horretarako arlo guztietan gabiz beharrean; asko pozten gaitu sukaldariak bidaia-lagun izatea ze zuokaz batera abian jarri dogu jatetxeetan energia-konsumo eragingarriagoa lortzeko proiektua.

María Ritter Guía Repsol-eko zuzendariak adierazo dauenez, gideak geurearen aldeko apustua egiten dau. Kalean gagoz, herrialde honetan nabarmentzen diran sukaldari ugarien potentziala topau, aldarrikatu eta zabaltzeko. 2019an helburu horretara bideratu dogu gure ahalegina. Gida honen DNAn dago herrialde honetan gitxien ikusten diran eremuetako proiektuei arretea emotea, baita sektore honetako oinarrizko parte diran hainbeste emakumeren potentziala babesten jarraitzea be.

Guía Repsol Eguzkiak gidan, Hiru Eguzki eskuratu dituen jatetxe barrietako sukaldariak —Les Cols jatetxeko Fina Puigdevall sukaldaria eta Culler de Pau jatetxeko Javier Olleros sukaldaria— sukaldaritza jasangarriaren babesle sendoak dira.

Bestalde, aurten 23 jatetxe igon dira Guía Repsol Eguzkiak gidako Eguzki Biko kategoriara. Horreen artean dagoz Kanarietako sukaldaritzan ikertzen dauen Safe Cruz sukaldariaren Gofio jatetxea, Madrilen eta Kataluniako errezetak eguneratzen dituan Jordi Artal sukaldariaren Cinc Sentits jatetxea, Bartzelonan, baita Andaluziako triunbiratua be: Benito Gómez sukaldariaren 'Bardal' jatetxea (Ronda), Pedro Sánchez sukaldariaren Baga jatetxea (Jaen) eta Juanlu Fernández sukaldariaren Lú, Cocina y Alma jatetxea (Jerez).

Aurten, 77 jatetxe estreinauko dira Guía Repsol gidaren Eguzki Bategaz eta danak dira hazkunde-proiekzino handikoak, berbarako, ‘Ispal’ jatetxea eta Sevillako antzinako zaporeak; Celia Jiménez jatetxea Medina Azaharako bidean Kordoban; edo Cancook jatetxearen indarra Zaragozan.

Era berean, Eguzki Bat jaso dabe Leongo Pablo jatetxeak; Bartzelonako Aürt; Reuseko Ferrán Cerro; Ceutako Bugao; Camarena sukaldariaren Valentziako Habitual jatetxea; Galiziako Ríos O Freixo; Caterina Pieras sukaldariaren Daica jatetxea (Mallorca); Carolina Sánchezen eta Iñaki Muruaren gogobizia islatzen dauen Ikaro jatetxeak (Logroño); Nagore Irazuegi eta Rodrigo García sukaldarien erroak, Arima jatetxean (Madril); Víctor Membibreren lanak eta produktuak, Membibre jatetxean (Madril); edo Begoña Fraireren zigilu biologikoa dauen sukaldaritzeak, Étimo jatetxean (Madril).


Kalifikazino-sistema barria

2020ko zerrendan 545 jatetxe batu dira. Sistemea Basque Culinary Centerren aholkularitzeagaz adostu da eta, horren bidez, Repsol gideak bezeroaren esperientzia globala islatu nahi izan dau.

Espainian jatetxe interesgarri ugari dagoala jakitun, 50 ikuskariko talde bat sortu da, autonomia-erkidego guztietako azken txokora arte heltzeko. Urtean 1.300 bisita baino gehiago egin dira. Edozelan be, ebaluazino-proiektua beste iturri batzuetatik be elikatzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu