Juan Ignacio Pérez Iglesiasi emon deutsie Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Saria

Bizkaie! 2019-05-10 08:03   Pil-pilean

Gazteen kategorian, Aizpea de Atxa artisteak irabazi dau.

Juan Ignacio Pérez Iglesias, berbaldi baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Donostian egindako agerraldian, 2019ko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanidade, Kultura, Arteak eta Gizarte Zientzien Sariaren epaia jakitera emon dabe antolatzaileek, hau da, Eusko Ikaskuntzak eta Laboral Kutxak. Aurten, Juan Ignacio Pérez Iglesias ikertzaile, dibulgatzaile eta irakaslea aukeratu dabe.

Hego Euskal Herrian zuztartutako sei unibersidadeetako errektoreak eta Eusko Ikaskuntzako eta Laboral Kutxako ordezkariak dagoz sariotako epaimahaian. Pérez Iglesiasen inguruan, honako hau dino epaimahaiaren ebatziak: Zorroztasun akademikotik eta zientzia arlo guztien ezagutza zabaletik abiatuta, euskal gizartean kultura zientifikoa sustatu dau. Euskal unibersidadea gizartera hurreratu dau, ezagutza mailea areagotuz eta begirada kritikoa garatuz.

Eusko Ikaskuntzak 1995etik emoten dau sari hau, humanidadeetan, kulturan, artean zein zientzian ibilbide txalogarria dabenen lana autortzeko, eta Euskal Herriko garapen kulturalari lagundu deutsien ibilbide profesional bikainak nabarmentzeko. Juan Ignacio Pérez Iglesiasi 20.000 euro emongo deutsiez. Saria banatzeko ekitaldia udan izango da.

EHUgaz lotura estua dauka Pérez Iglesiasen ibilbideak. 1985ean ikertzaile eta irakasle hasi zan bertan, eta 1999tik katedraduna da fisiologiaren arloan. 2004tik 2008ra EHUko errektorea izan zan. Ezagutza zientifikoa zabaltzeko lanean nabarmentzen da, bai EHUren Kultura Zientifikoko Katedrearen bidez, baita interneteko eta hedabideetako dibulgazinoaren bidez be. Unibersidadean euskerea zabaltzeko ahalegin handia be egiten dau aspalditik.

Gazteen Saria

Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Sarien 25. aldia danez, modalidade bitan emon ditue sariak aurten. Juan Ignacio Pérez Iglesiasek irabazitako sari nagusiaz gan, gazteentzako beste bat egon da. Aizpea de Atxa artista nafarrari emon deutsie, InpostuRA izeneko performanceari esker. 35 urte baino gitxiagoko gazteen jarduna bultzatzen dau sari honek, eta 6.000 euro emoten deutsiez proiektu irabazleari.

Publizidadeak eta sare sozialek gidatzen daben gizartean, irudia bihurtu da gure buruhausterik handiena. Honen inguruko gogoetetan eta desegite-praktikan oinarritutako proiektua da InpostuRA, azaldu dau Aizpea de Atxak. Epaimahaiaren arabera, nor naz? galdera ohikoari modu dinamiko, interaktibo eta barritzailean heltzen deutso artisteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu