Ziklo barri baten sartu da Hesian

Dabi Piedra 2018-11-21 12:48   Musikea

Taldearen zortzigarren diskoa da Hasiera (Baga-Biga).

Hesian taldeko hiru kide: Ane Bastida, Fran Urias eta Zuriñe Hidalgo | Ikusi handiago | Argazki originala

Deigarria da Hesian talde ezagunak Hasiera izenburua aukeratu izana bere zortzigarren diskorako, hamarkada bat baino gehiagoko ibilbidea egin eta gero. Baina gauzak egiteko beste modu bat topau nahi dabe aurrerantzean, euren musikea lantzeko beste era bat. Horregaitik, ziklo barri baten hasierea, behinik behin, bada disko hau.

Rocka eta haize-tresnak izan dira Hesianen ikur nagusiak, eta oraindino badira, baina haizeak leku txikiagoa dauka oraingoan. Trukean, balada estiloko pieza gehiago eta bateria indartsuak dakarz Hasiera-k. Fran Urias taldekidearen ustez, aurrekoa baino disko rockeroagoa da hau.

Bizitzea bera zikloka antolatuta dagoala eta eurak be beste aro barri bat hasi beharrean dagozala azaldu dau Zuriñe Hidalgo taldeko abeslariak. Gure bildurrak agirian itxi doguz, eta ez da erraza, filtro barik erakutsi nahi izan doguz geure gabeziak, barru-barrutik sortutako diskoa da. Fran Uriasek ganeratu dau berba intimo eta personalak idatzi dituela. Hamar abesti dira guztira.

Barritasun gehiago be badakarz diskoak. Esate baterako, lehenengo aldiz produktore bategaz lan egin dabe, Juan Blasegaz. Pozik geratu gara, baina tirabira batzuk izan doguz beragaz, azaldu dau Fran Uriasek. Diskoaren produkzinoa ibiltaria izan da: Arbizu, Madril, Girona eta Bartzelona aldean ibili dira.

Diseinuan be ahalegin berezia egin dabe. Marta Bellvehi kataluniarrak marrazki bat egin deutso abesti bakotxari. Ikutu zuri-baltzdun diseinua da. Martak lehenengo momentutik harrapau eban gure buruetan zer ebilen, azaldu dau Zuriñe Hidalgok.

Durangoko Azokearen barruan, Ahotsenean aurkeztuko ditue Hasiera diskoko kantak, abenduaren 7an. Ondoren, Gabonak orduko, solasaldi musikatuak egingo ditue Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Urtarrilean deskantsau eta gero ekingo deutsie bireari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu