Bertso saioak doban atontzeko eskaintzea egin dau Arabako Bertsozalek

Bizkaie! 2018-02-21 09:16   Bertsolaritzea

Eskaerak martiaren 15era arte egin ahal izango dira.

Bertsolaritzea herritar guztiei hurreratzeko asmoagaz, Arabako Bertsozale Alkarteak beste pausu bat emon dau eta hamahiru bertso saio antolatuko ditu, doban, aurtengo udan, eta horreetako bat atontzeko asmoa daukien guztiei dei egin deutse eskabidea ahalik eta azkarren egiteko.

Bertsozale Alkarteak atonduko dau saioa eta eroango ditu bertsolariak, eskatzaileari ezer kobrau barik. Helburu nagusia bertsolaritzea ezezaguna edo ezohikoa dan lekuetara eroatea da. Ganera, beste helburu bi be badaukaz eskaintzeak: Batetik, Bertso saioak antolatzeko berezko ekimena sortzeko bidea zabaltzea eta, bestetik, bertsoen bidez euskerearen ekosistemea elikatzea.

Saioak antolatzeko eskabidea irabazi asmo bako alkarteek egin ahal izango dabe. Izakera juridiko bako taldeek be eskatu leikie (adibidez, gazte taldeek edo jai batzordeek). Erakunde publikoek edo irabazi asmodun taldeek ezin dabe eskaririk egin. Gasteiz eskaintzatik kanpo geratuko da. Eskatzaile bakotxak saio bat eskatu ahal izango dau.

Hamahiru saioetatik eskatzaile guztien artean zeintzuk aukeratu erabagiteko, erespide batzuk ezarri ditu Bertsozale Alkarteak: Lehenik eta behin, Arabako bertso-eskolen eskabideak aztertuko ditue. Ganera, bertso saio gitxi egoten diran herriei zein kolektiboei lehentasuna emongo jake, ekimenaren helburu nagusia beteteko asmoz. Bertso saioaren entzuleak nortzuk izango diran be kontuan hartuko da, bertso saioak entzutera ohituta ez dagoan publikoari lehentasuna emonaz.

Beste alde batetik, saio guztiak antolatzeko orduan, Arabako ahalik eta eskualde gehienetara heltzeko ahalegina egingo dau Bertsozale Alkarteak. Saioak udan egingo dirala zehaztu dau.

Eskaerea egin nahi daben alkarteek martiaren 15era arteko epea daukie. Baldintza guztiak eta eskabidea egiteko pausuak agiri baten batu ditu Arabako Bertsozale Alkarteak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu