Euskaltzaindia Durangoko Azokan izango da, 51. urtez

Bizkaie! 2016-11-23 12:53   Euskerea berbagai

Durangoko Azokea sortu zanetik, ez dau hutsik egin Euskaltzaindiak. Erlearen 10. zenbakia, hiztegi barria eta abar topau ahal izango dira Akademiaren erakusmahaian.

Euskaltzaindiaren erakusmahaia, 1983ko Durangoko Azokan (argazkia: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Lehenengo edizinotik bidelagun izan dau Durangoko Azokeak Euskaltzaindia. Urtero-urtero, hutsik egin barik, bere argitalpenak erakusten eta saltzen egon da Akademia Durangoko kulturearen plazan. Aurten be Landako gunean izango da Euskaltzaindia, 51. edizinoan.

Abenduaren 2tik 6ra egingo da aurten azokea eta Euskaltzaindiak Artekaleko 69. zenbakian izango dau erakusmahaia. Bertan, batez be, azken urte honetan argitaratutako liburuak egongo dira ikusgai eta salgai.

Nobedaderik barrienak orain dala egun gitxi plazaratutako argitalpen bi dira: Erlea aldizkaria eta Juan Manuel Etxebarriaren Gorbeialdeko ipuinen azterlana. Bernardo Atxagak zuzentzen dauen Erlea aldizkaria 10. zenbakira heldu da. Ale barrian, antzerkigintzea lantzen da, adierazpen artistiko horren inguruko sortzaile eta adituen ikuspegia emonaz.

Juan Manuel Etxebarriak, ostera, azterlan etnografiko eta linguistiko sakona egin dau Gorbeialdeko etno-ipuin eta esaundak II liburuan. Gorbeiaren magaleko herrietan batutako kondairak, istorioak, mitologia, esakerak eta abar agiri dira liburuan. Guztira, 450 etno-ipuin eta esaunda aztertu ditu Etxebarriak. Abenduaren 3an, arratsaldean, Euskaltzaindiaren erakusmahaian izango da autorea, liburuaz azalpenak emoten.

Horrezaz gan, Euskaltzaindiaren Hiztegia goitik behera barritu eban Akademiak orain dala hile batzuk. Erreferentziazko lan hori be eskuragarri izango da Durangon. Era berean, azkenaldion argitaratutako beste nobedade batzuk be topauko ditu euskaltzaleak: Euskal Literaturaren Antologia laneko ale barria (Erdi Arotik Errenazimendurakoa), Azkue sariketako ipuinak, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren liburuki barria eta abar.

Dialektologia taldeko Amaia Jauregizar egongo da abenduaren 2an, goizean, Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren ganeko azalpenak emoten. Proiektu horren orain arteko azken alea ez eze, aurretik argitaratutakoak be egongo dira Euskaltzaindiaren erakusmahaian.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu