Erlea aldizkariaren 10. zenbakia aurkeztu dau Euskaltzaindiak

Bizkaie! 2016-11-17 08:37   Euskerea berbagai

Bernardo Atxagak zuzendutako aldizkariaren zenbaki barrian, euskal antzerkia barru-barrutik ezagutu leiteke.

Mikel Martinez eta Patxo Telleria aktoreek, Bernardo Atxagak eta Inun musikariak aurkeztu dabe Erlea 10 | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren Erlea lauhilabetekariak ibilbide oparoa egin dau 2009an sortu zanetik. Idazleek, kazetariek, zinemagileek, euskaltzaleek eta abarrek parte hartu dabe orain arteko zenbakietan. Hamargarren honetan, ostera, antzerkigintzearen inguruan dabilzan sortzaileek hartu dabe berbea. Kolaboratzaileen artean dagoz Patxo Telleria, Agus Perez, Aizpea Goenaga, Ander Lipus, Iñake Irastortza, Mikel Martinez, Jokin Oregi, Jean-Louis Davant, Iñaki Rikarte eta Anjel Alkain.

Bernardo Atxagak onartu dau, hamargarren zenbakiari esker, sorpresea hartu dauela: Ale hau osotu bitartean, ikusi dogu mundu bizi-bizia dala teatroarena. Horrek harritu egin dauela dino. Horregaitik, mundu hori barru-barrutik ezagutu nahi izan dogu, askotan euskal kulturearen kanpoko begiradak baino ez diralako eskaintzen gurean, azaldu dau Atxagak.

Alkarrizketak dagoz, alde batetik, Erlearen zenbaki barrian. Esaterako, Agus Perezek Ander Lipusi egin deutsana, edo Miel A. Elustondok Klara Badiolari. Antzerki piezak be badagoz (Patxo Telleria eta Aizpea Goenagarenak). Ganera, artikulu ugari dagoz, poema, kritika eta gogoetakaz horniduta. Zer irakurri ez eze, zer hausnartua be badakar Erleak, Euskaltzaindiaren esanetan. Kasu honetan, hausnarketarako abiapuntua eta helburua euskerazko antzerkigintzan dago.

Andres Urrutia euskaltzainburuak, Akademiak Erlea aldizkariaren alde daukan apostua berretsi dau, hamargarren alea aurkezteko Bilbon egindako ekitaldian: Behin proiektu huts izan zanak lortu dau, urtez urte, aurrera jarraitzea. Erlea euskal kulturan erreferente bihurtu nahi dau Euskaltzaindiak eta, Urrutiaren ustez, Bernardo Atxagaren gidaritzapean hori lortzeko bidean da.

Euskal mundua bere zabaltasunean hartzeaz gan, Erleak badauka, zenbaki bakotxean, mundu txiki bat marrazteko helburua, Atxagak azaldu dauenez: Zenbaki bakotxak narrazinoa dauka, atmosfera moduko bat, keinu txikiak, bateratasun bat emoten deutsienak. Asun Garikanok edizinoan egindako lan ederra azpimarratu dau Erleako zuzendariak.

Halandabe, Erlearen helburu nagusia, bat eta bakarra Atxagaren esanetan, honako hau da: Euskal mundua, euskeraz aditzera emoten dan hori, ze zabala dan erakustea. Uniberso bat da, euskaldun askok ez dabe hori ikusten, dino Atxagak. Txikitasun hori, egotekotaz, modu horretara begiratzen dauenaren buruan dagoala dino Atxagak. Kontuak kontu, eskuragarri dago dagoeneko Erlearen hamargarren zenbakia eta badirudi ez dala azkena izango.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu