Gorbeia inguruko herrien lan etnografikoa idatzi dau Juan Manuel Etxebarria Ayestak

Bizkaie! 2016-11-14 13:42   Kulturea

Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II liburua, alor horretan eskualdean egindako ikerlanik luze, zabal, zehatz eta sakonena dala dino autoreak.

Juan Manuel Etxebarria Ayesta, liburua aurkezteko ekitaldian (argazkiak: Euskaltzaindia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskaltzaindiaren eta Deustuko Unibersidadearen alkarlanari esker ikusi dau argia Juan Manuel Etxebarriaren lanak. Euskal filologian doktorea, idazlea, Deustuko irakasle emeritua eta ikerlaria da Etxebarria, baita Euskaltzaindiko eta Etniker taldeko kidea be. Gorbeiaren magalean dagozan Bizkaiko eskualdeen euskerea eta ohiturak ikertzen lan handia egindakoa da eta orain aurkeztu dauen liburua zeregin horren emoitza baliotsuenetako bat da.

Liburuaren funtsa herririk herri batu dituan mitoak eta esaundak dira. Horko informazinoa hobeto azaltzeko, ganera, hiztegia, aurkibide tematikoa eta barriemoleen ganeko datuak sartu ditu Etxebarriak liburuan.

Etxebarriak berak hitzaurrean dinoanez, 1975ean ekin eutsan bilketa lanari, Ander Manterolaren eskutik Etniker taldean sartu zanean. Bere herritik, Zeberiotik, hasita, Gorbeialdeko mitoak batzen hasi zan. 1995ean plazaratu eban Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak liburua, Labayru Fundazinoaren babespean eta, orain, liburu haren bigarren zatia dakar, osoagoa eta zabalagoa. Orain dala 21 urte lehenengo lana argitaratu eta gero be, ikerlanean segiduteko materiala euki dauela dino egileak: Baneukazan hainbat gauza, argitaratu barik eta bizirik dagozan barriemolekakana jo dot barriro.

Andres Urrutia euskaltzainburuak adierazo dauenez, egilearen esku trebeak eroaten gaitu Gorbeia inguruko etno-testuetara, eroapenez eta jakituriaz batu, sailkatu eta argitaratu ditu.  Belaunaldiz belaunaldi tradizinoaren katebegiak bermatzeko eta geroko ikerketa lanetarako oinarria ipinteko aproposa da Etxebarriaren lana, Urrutiaren ustez.

Gorbeia inguruko etno-ipuin eta esaundak II liburuan, Gorbeia inguruko 23 herritako datuak batu ditu Etxebarriak. Gehienak Bizkaikoak dira, baina badagoz Arabako batzuk be. Hau da zerrenda osoa: Zeberio, Ubide, Otxandio, Zeanuri, Areatza, Artea, Arantzazu, Igorre, Dima, Lemoa, Bedia, Galdakao, Ugao, Zaratamo, Arrankudiaga, Laudio, Arrigorriaga, Bilbo, Basauri, Arakaldo, Orozko, Baranbio eta Zollo.

Guztira, 102 barri-emole edo lekukoren ahotik jaso ditu liburuko kontakizunak: 450 etno-ipuin eta esaunda. Kontakizun bakotxa zutabe bitan aurkezten da liburuan. Alde baten, etnotestu zehatza dago idatzita (transkripzio fonetikoa, hiztunak ahoskatutako moduan) eta, bestean, berau hobeto ulertzeko erea emoten dauen bersinoa (transkripzino etimologikoa). Modu horretara, balio etnografikoa zein linguistikoa ditu testu bakotxak, Etxebarriak azaldu dauenez. 

Etno-ipuin eta esaundetan aitatzen diran gaiak askotarikoak dira, baina danak dagoz euskal etnografiagaz lotuak: Mari Anbotokoa, jentilak, laminak eta abar dagoz, baita usadioak, kantak, umeen kontuak eta abar be. Lekukoen edadea dala eta, ahalik eta arinen jaso eta aztertu beharrekoak dira liburuan batutako kontakizunak, galdu baino lehen, Etxebarriak ohartarazo dauenez.

Beti ahalegindu naz zehaztasunera joten, gauzak eredu onean hartzen, etorkizunerako eredu finko bat emoteko, dino Juan Manuel Etxebarriak. Zeregin horretan, Joxemiel Barandiaranek emondako inkesta-moldea erabili dau.

Etnotestuetatik ateratako esapide eta lokuzinoen zerrenda luzea dakar liburuak eta, ondoren, aurkibide tematikoa. Agertzen diran berba batzuk oraindik ez dira jaso inongo hiztegitan, eta, ikuspuntu horretatik nahikoa aberatsa da liburu hau, lexiko lan luze-zabala egin dot, dino Etxebarriak.

Bestetik, eranskinetan be material interesgarria sartu dau Etxebarriak. Lehenik eta behin, etno-ipuin eta esaunda guztien gaztelaniazko itzulpena (hori bersino digitalean baino ez dago). Horrezaz gan, eranskinean Zeberioko euskerearen azterlan zehatza topauko dau irakurleak. Juan Manuel Etxebarriak azaldu dauenez, Gorbeialdean antzerako euskalkia darabile, baina herri bakotxean berezko berbetea dago eta Zeberioko berezitasunak agertu gura izan ditu.

Andres Urrutia, José Antonio Rodríguez Ranz Deustuko Unibersidadeko hartu-emonetako errektoreordea eta Juan Manuel Etxebarria

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu