Inun: 'Poema bakotxaren barru-barruko sentimendua identifiketan ahalegindu naz'

Dabi Piedra 2016-10-24 10:07   Barriketan

Musikari eta abeslaria

Bere ibilbideko bigarren diskoa plazaratu barri dau Mikel Inunziaga, Inun zornotzarrak. Euskal idazleen olerkiei musikea ipinita sortu ditu Da nola diskoko kantak. Kantautorea dan ezkero, ohituta dago abesti guztietako berbak eta doinuak berak idaztera, baina beste batzuen poemak musikatuta be gustura ibili dala dino. Azkenerako, olerkiak bere egin dituala azaldu dau. Diskoa zuzenean aurkezteko, banda baten laguntzinoa  izango dau Inunek, baina bakarlariaren espirituari ez ei deutso uko egingo.

 

1.- Hasikera baten, zure planetan ez zan sartzen disko hau egitea. Zelan sortu zan, ba, proiektu hau?

Istripu polit bat izan da. Nik neure kantak baneukazan idatzita, bigarren diskoa argitaratzeko prest ia-ia. Baina, bat-batean, kanpotik proposamen batzuk etorri ziran. Euskal idazleen poemak musikatzea eskatu eusten proposamen horreetan eta hamar kanta inguru egin behar izan nebazan, olerkietatik moldatuta. Horreetako batzuk batu dodaz disko barrian. Kanpotik etorri dan gauza bat izan da, beraz. Horregaitik esaten dot istripu polit bat izan dala.


2.- Bederatzi kanta dira guztira. Zortzi poemari eta kanta herrikoi bati musikea ipini deutsezu. Zergaitik aukeratu dozuz horreek olerkiak eta ez beste batzuk?

Batez be, ezaugarri bi izaten dodaz kontuan poemak aukeratzeko: Batetik, olerkia sartu egin behar jat, emozino bat sortu behar deust, zeozer esan. Bestetik, poemak musikalidadea izan behar dau, erritmo bat. Musikatzeko erraza izan behar dau, horretarako elementu batzuk behar ditu, errimak adibidez.


3.- Poemak kanta bihurtzeko prozesuari garrantzia emon deutsazu, eta hortik dator Da nola izenburua be. Zergatik?

Egiteko moduari emoten deutsat nik inportantzia. Poema bakotxak eskatzen dauena ondo ulertu behar dot lehenengo eta, ostean, sentiduten dodan energia berezi hori melodia egoki batera eroaten ahalegintzea da nire asmoa. Da nola esaldia Karmele Igartuari hartu deutsat, bere poema baten aitatzen dau. Berak be egiteko moduari emoten deutso garrantzia hor.


4.- Egiteko modu hori zelakoa da zure kasuan?

Seguruenez, nire lan egiteko modua ez da beste inorena baino hobea ez txarragoa, baina neurea da, bakotxak bere modua dauka. Poema bat nik edo beste batek entzun, bakotxari sentimendu bat eragingo deutso. Horregaitik, oso neurea da nire lan egiteko modua.


5.- Zelan egiten deutsazu aurre beste batzuen berbei musikea ipinteko zereginari?

Lehenik eta behin, errespetu handiz. Idazle onak dira eta, beraz, ikaraz ez, baina errespetu handiz ibili naz. Poema bakotxa ondo-ondo barruratu dot eta eskatzen dauen melodia ateratzen ahalegindu naz. Poema bakotxaren barru-barruko sentimendua identifiketan ahalegindu naz, zer transmitiduten dauen ulertzeko. Aukeratutako poemak gustukoak dodaz, emozinoak sortzeko aproposak dira nire ustez. Bakotxak sentimendu desbardinak sortzen ditu, batek tristezia, beste batek beharbada poztasuna... azken finean, olerkiak neure egin dodaz: irakurri, sentidu eta neure egin dodaz. Zintzotasunez jokatu dot hor.


6.- Berreginez diskoa argitaratu zenduan orain dala urte bi. Disko barri honek ze alde dauka orduko haregaz konparauta?

Labur esanda, aurrekoa basatiagoa, zuzenagoa izan zan eta barri hau dotoreagoa, jantziagoa da. Hasikerakoa oso gordina izan zan, zuzenean grabau genduan, oso instrumentu gitxigaz. Honetan, abestiak kozinau egin dodaz, instrumentazino gehiago dago eta denpora gehiago erabili dot grabazinoa egiten. Gehiago pentsau dot oraingoan.


7.- Lehenengoaren moduan, bigarren honetan be zeuk egin dozu ia guztia grabazinoan: kantau, gitarrea jo... Halandabe, kolaborazino batzuk izan dozuz, ezta?

Bai, diskoaren oinarrizko instrumentazinoa neuk bakarrik egin dot: Gitarrea, bateria, baxua... Baina Da nola eta Kentzailea abestietan, alboan izan dot Dani Tomas gitarrista elektrikoa laguntzen. Koruak Bihotz Gorospek egin ditu. Diseinuan be lagun batzuk ibili dira niri laguntzen. Beti ahalegintzen naz lagunakaz hartu-emon ona eukitzen. Gure apaltasunean, gauzak egiten doguz. Esaterako, Iñaki Mendizabal nire laguna da, baina ganera argazki politak egiten ditu. Ez dot erabagi diskoko argazkiak berak egitea laguna dalako, argazki onak ateratzen ditualako baino. Diskoaren diseinua Joana Larreak egin dau, hori be laguna dot. Bere lanean oso ona da eta horregaitik aukeratu dot.


8.- Bandeagaz hasi zara Da nola diskoa aurkezten, baina kantautorearen espirituari eusten deutsazu, ezta?

Bandeagaz oso gustura nago eta zuzenekoak ziur oso gustura egingo dodazala. Baina ez dot albo batera itxi gura bakarrik ibiltearen sensazino hori. Gustauko litzakit biak buztartzea: Taldeak emoten deutsun babesa eta bakarrik ibiltearen sinpletasuna, jenteagana heltzeko modu berezi hori... norbera biluzik moduan egoten da jente aurrean eta holan agertzea gustetan jat.


9.- Ganera, euskera hutsean abesteko aukerea egin dozu.

Modu kontzientean hartutako erabagia da hori. Gaztetxua nintzanean kantak egiten nebazan, talde batzuetan ibili nintzan eta batzuetan gaztelaniara joten neban, ez neutsan hizkuntzeari inportantzia berezirik emoten. Momentu baten kontzientzia hartzen hasi eta gauza batez konturatu nintzan: Euskal Herrian bizi nazela, euskerea bultzatu egin behar dala. Euskereak dakarzan hainbat gauza onez jaubetzen zara.


10.- Autoprodukzinoa da disko hau. Diskoetxekaz ze hartu-emon daukazu ba?

Nik neure ideak aurrera eroateko baliabide nahikoa badaukat, ez dot aterik joten, neure bidea egiten segiduten dot, inori begiratu barik. Bestetik, etorkizunean ikusten badot diskoetxe baten laguntzinoa behar dodala, ba hasiko naz mobiduten. Baina, hasikeratik bai ala bai diskoetxe baten atzetik ibiltea ez dot ikusten. Norberak egiten dauen lana da inportanteena. Egia da diskoetxe batek edo manager batek sekulako lana egiten dauela, baina norberak be bere kabuz gauza asko egin leikez, lan handiagoa eskatu arren. Asko ikasten da modu horretara.


11.- Bandeagaz zabilz disko barria zuzenean aurkezten. Zelako kontzertuak dira zuenak?

Esan behar dot kamaleonikoa nazela, hau da, momentu baten agertuko naz taldekide bigaz, gero hirugaz, edo laugaz... Normalean, banda formatuan bost egoten gara: Bihotz Gorospe ahotsetan eta perkusinoan, Dani Tomas gitarra elektrikoan, Ekain Alzola baxuan, Argibel Euba baterian eta neu. Bandeagaz joten dodanean, garbi dago taldeak daukala kontzertuaren pisu nagusia, baina hor be, bakarrik nagoanean egiten dodazan gauza batzuk egingo dodaz. Adibidez, hiru-lau kanta neuk bakarrik jo edo Bihotz Gorospegaz koruan. Gustuko dot kontzertu baten barruan alde biak konbinetea: Bakardadeak dakarren sinpletasuna eta bandeak emoten dauen beste dimensino hori.


12.- Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu dozu diskoa zuzenean. Horren ostean, ze beste kontzertu emongo dozuz?

Guk kontzertuen fase hau datorren urtera, 2017ra begira planteau dogu. Diskoa kaleratu barri dot eta orain nabil kontzertuak lotzen, proposamenak egiten eta abar. Kontzertuak orain emoteko, eskaerea orain dala sei hile egin behar neban eta ez da kasua. Kontzertu gehienak, beraz, datorren urtean etorriko dira. Halandabe, 2016an be joten ibiliko gara. Abenduaren 3an Durangoko Ahotsenean izango gara. Banda barik, neuk bakarrik joteko kontzertu batzuk be lotuta daukadaz, Barakaldo antzokian zemendiaren 11n eta Euskaltzaindiaren emonalditxu baten be parte hartuko dot 17an.


13.- Disko hau sortu aurretik idatzita euki zenduzan kanta batzuk, oraindino kaleratu bakoak. Laster zure beste disko bat entzun ahal izango dogu?

Bidea egiten segidutea da asmoa eta, ez neuke esango hemendik epe laburrera, baina pare bat urte barru zergaitik ez? Lehenengo diskoa 2014an plazaratu neban, orain bigarrena eta, ondo aurreikusita ez daukadan arren, nik uste dot hemendik urte bira diskoa kaleratuko dodala. Datorren urterako arinegi litzateke, baina urte bi barru, bai.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu